Baserritar batek deituta izan zuen Beatrice arrano arrantzalearen heriotzaren berri, Roxario Pikabea basozainak. «Lehenago ikusi nuen. Atentzioa eman zidan, harrapakari haundia, baina hemengoak ez bezala, zuria zelako. Hil zela abixatu zidatenean, Foru Aldundian eman nuen abixua. Gero jakin nuen Eskoziatik jarraipena egiten ziotela».
Martxoaren 18an aurkitu zuten, eta dirudienez, ahulduta hil zen, eguraldi txarraren ondorioz, ibaiak ur gehiegirekin zetozelako, eta horrek, arrantza egitea eragozten ziolako.
Eskoziatik Euskal Herrira
Eskoziako Highland Foundation for Wildlife fundazioko Roy Dennis ornitologiak 2008an jarri zion jarraipena egiteko txipa Beatrice izeneko arrano arrantzale espezieko txori harrapakariari.
Arrano arrantzale berezia zen, Roy Dennisek bere blogean (www.roydennis.org) esaten duenaren arabera: «Beatrice Espainia hegoaldean geratzen zen neguan, Afrikara joan beharrean, eta Eskoziako arrano arrantzaleentzako toki hori igarobidea besterik ez da».
Dennisen arabera, azken negu hau ere Espainia hegoaldean pasa du Beatrice txoriak; Cadizetik pasatzen den Guadiaro ibaiaren inguruan. Baina goizegi abiatu zen iparraldera. «Espainia hegoaldeko neguko bizilekua goizegi utzi ez balu, saihestu egin ahal izango zituen eguraldi txarraren kalteak», azaldu du ornitologoak.
Otsaialren 25ean ekin zion iparraldeko bideari, Beatricek. Azparne eta Baiona inguruan ere ibili zen, eta baita Irungo Plaiaundin ere, Arantza Guruceagak Kronikari jakinarazi dionez; eta Ereñotzun hil zen. Aitor Galarza, Urdaibaiko Bird Center Proiektuko zuzendariak azaldu dio Roy Dennisi gertatutakoa: «X izpiek erakutsi dute ez dutela tiroz hil. Basozainaren ustez, nekeak eraginda hil da, eta beranduago, haragijale txikiren batek burua jan dio».