Etzi ospatuko du egun haundia herri kurduak: Newroz eguna, hain zuzen ere, Urte Berri kurdua. Eta horren bueltan, Aste Kurduan murgilduta dago Hernani, Newroz Euskal Kurdu Elkarteak, Hernaniko Udalak eta Kooperazio Taldeak antolatuta. Bi hitzaldi izan dira astean zehar, eta filma jarriko dute gaur, 19:00etan Biterin, Aste Kurduari bukaera emateko: Diyarbakirreko haurrak.
Hiru haur kurduren tragedia kontatzen du pelikulak, zeinen gurasoak erail egin zituen talde paramilitar batek, beraien aurrean, errepideko kontrol batean. Bakar bakarrik egin behar dute aurrera. Miraz Bezarrek zuzenduta, Gazteriaren Saria irabazi zuen filmak Donostiako Zinemaldian, 2009 urtean.
Herri kurduaren garaipena, tiraniaren aurrean
Urte Berri eguna da Newroz kurduentzat. Festa eguna da, baina baita aldarrikapen eguna ere: herri kurduaren identitatea aldarrikatzen dute martxoaren 21ean, udaberriaren hasierarekin batera. Kurdistanen kolore nazionalekin jantzita (berdez, gorriz eta horiz), kalera atera eta suak pizten dituzte, urte berriari ongietorria emateko.
Izan ere, duela 2.716 urte, martxoaren 21ean, Kawa izeneko errementariak aurre egin zion Zohak tiranoari, eta baita garaitu ere. Hori da kurduentzat, beraien jaiotza mitikoa, urtero oroitzen dutena. Herri kurduaren garaipena da, tiraniaren aurrean.
Newroz egunaren ospakizuna, hala ere, etengabe debekatu eta oztopatu dute, baita tanke eta helikopteroz zapaldu ere. Aurten, Turkiako gobernuak debekatu egin du bere ospakizuna Hakkariko zonaldean; eta Kurdistan zatituta dagoen beste hiru Estatuetan ere, errepresio haundia izan dute, autoritateen eskutik.
‘Diyarbakirreko haurrak’ pelikula jarriko dute gaur, iluntzeko 19:00etan Biterin, Aste Kurduari bukaera emateko. 2009ko Donostiako Zinemaldian saritua izan zen.
«Euskal Herri haundi bat bezala da Kurdistan»
Euskal Herriarekin, «antzekotasun haundiak» dauzka Kurdistanek, Joxe Amundarain Newroz Elkarteko kideak azaldu duenez: «Euskal Herri haundi bat bezala ikusten dut Kurdistan; gure anaia nagusia bezala. Biok daukagu hizkuntza zapaldu bat, Estaturik gabeko bi herri gara, gatazka armatua, errepresioa... Toki beretik hartzen dugu arnasa».
Horregatik, sentsibilizazioa haunditzeko ari da lanean elkartea, eta herri kurduarekiko elkartasuna indartzeko: «ez dugu apenas ezagutzen hango errealitatea. Azkenaldian, gero eta interes gehiago dago, baina sentsibilizatuta daudenak bakarrik. Esaterako, hemengo mugimendu feministek harremana izan dute hangoekin, Emakumeen Mundu Martxa Kurdistanen hasi baitzen, eta bertan izan ziren. Baina bestela, oso gutxi mugitzen dira, nahiz eta ezker mugimenduko jendea, oso gertu egon litekeen mugimendu kurdutik», dio.
Semdinli, Hernaniren senide kurdua 2013tik
Duela hiru urte senidetu ziren bi herriak, jakintza kultural, sozial, intelektual eta
politikoak elkartrukatzeko asmoz.
Urtero antolatzen dute Aste Kurdua Hernanin, eta izan ere, harreman estua dauka herriak, Kurdistanekin. 2013ko apirilean senidetu zen Hernani, Turkiaren menpe dagoen Semdinli herri kurduarekin. Helburua, «jakintza kultural, sozial, intelektual eta politikoak elkartrukatzea».
Arlo horietan guztietan, eta baita beraien historian ere, «antzekotasun haundiak» dauzkatela nabarmendu zuten bi herriek, senidetu zirenean.
Hakkari probintzian dago Semdinli, eta 11.500 biztanle inguru dauzka, ia denak kurduak. 19 auzo txikitan banatuta, menditsua da herria, ia 1.500 metrora kokatua, eta bere lurren erdia basoa da; ia dena, haritzez osatua. 1914tik 1917ra, Errusiaren menpe egon zen; eta ordutik, Turkiaren menpe.