Astigarragako udaleko Plenoari hilabete bukaeran biltzea tokatzen zitzaion, baina Aste Santua dela eta, aurreratu egin dute, eta gaur egingo dute ohiko osoko bilkura, goizeko 09:30etan hasita, Udaletxeko areto nagusian. Hamabost puntu eztabaidatuko dituzte, Bake Epailearen izendapena, salmenta ibiltaria eta hots kutsadura arautzen dituzten ordenantzen onarpena, kale izendegien aldaketak onartzea, eta 2016ko aurrekontuen hasierako onarpena, besteak beste.
Galdeketaren triptikoaren aurkezpena, eguerdian
Plenoa biltzen dela aprobetxatuz, apirilaren 17ko galdeketaren inguruko eskuorriaren aurkezpena egingo du Udalak. Eguerdiko 12:00etan izango da, eta herritarrei bertaratzeko gonbitea luzatu nahi diete.
Gaur aurkeztuko den triptiko instituzionalean galdeketaren informazio zehatza jasoko dute astigartarrek: data, aurretizko botoa emateko epeak, galdera bera, bi sistemen deskribapena eta abar.