Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko festa, Sortzen elkartearen 25 urteak ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 19a, 01:00

Hogeita bost urte bete dira aurten Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko mugimendua sortu zenetik, Sortzen mugimendua, alegia. Momentu hartako hezkuntza egoeraz kezkaturik zeudelako sortu ziren, eta gaur egungoaren kalitatea bermatzeko jarraitzen dute lanean. Eta aurten, 25garren urteurrena dutenez, aldarrikapen-festa batekin ospatzea erabaki dute. Eskolharria, biharko harria izenburupean egingo da Hernanin, maiatzaren 22an.

«Hernani gure proiektuaren erakuslehio bihurtu nahi dugu» 
Aurreko astean aurkeztu zuten ekimena prentsaurrean Sor­tzen Elkarteko ordezkariek, eta bertan adierazi zutenez, «Her­na­ni gure proiektuaren erakuslehio bihurtu nahi dugu».
Horretarako, egun horretan     Sortzen Elkarteak nahi duen eskolaren berri emango du hainbat erakusketa, panel, ikus-entzunezko material, tailer, informazio eta abarren bitartez. 
Gainera, gune ezberdinak antolatuko dituzte herrian zehar, Euskal Eskola Publiko Berria eraikitzeko elkartearen­tzat garrantzitsuak diren gai bakoitzari bere tokia emateko: curriculuma, euskera, hezkidetza, gazteak... 

Inguruko eskolen babesa
Sortzen Elkartearen 25garren urteurrena Hernanin ospatu arren, inguruko eskolek babesa erakutsi nahi izan diete. Hala nola Hernaniko Langile Ikastolak, Astigarragako Herri Eskolak, Egiako Aitor Ikastolak edota Martuteneko Aran­tzazuko Ama Ikastolak.

Etxerako lanei buruz hitz egingo dute gaur Iruñako auzoenean, goizeko 10:30etan hasita.

‘Bidarria’ Hernanirantz
Maiatzaren 22an izango da Sortzen Elkartearen egun haundia, baina egun hori iritsi arte, bidea egingo dute. Bida­rria deitu diote bide horri, eta diotenez, «Hernanira eramango gaituen Bidarria izango da».
Bidarri hori egiteko, hainbat ekintza egiten hasiak dira jada, «Hernanin aldarrikatu nahi dugun eskolaren ezaugarrien ingurukoak».

Aurreneko mahai-ingurua, Hizkuntzen trataerari buruz
Ostegunean eman zi­tzaion hasiera Bidarria osatzen duten ekintzei. Eibarko Mar­keskoa Jau­regian egin zen aurreneko hitzaldia, hizkuntzen trataerari buruz. Bertan egon ziren: Dimako Ugarana eskolako irakasle Zere Ziarrusta, Egiako Aitor Ikastolako ama Aitziber Gurutzeaga, eta Richard Weyn­dling, ingeleseko irakasleen irakasle ohia eta kazetaria.

Beste bi, apirilean zehar
Aste Santuko oporrak pasata, bi zita gehiago zehaztu dituzte: bata, Donostian, apirilaren 7an; eta bestea, Hernanin, apirilaren 21ean.
Donostiako Koldo Mitxe­lena kulturgunean egingo den hi­tzaldian Euskal Eskola Pu­bli­ko Berria eraikitzeko eragile desberdinek egiten duten ekarpena entzuteko aukera izango da.
Hernaniko Biteri kultur etxean, aldiz, Eskola Herri­tarrak eta Parte Hartzaileak aztertuko dituzte.
Ekimenak Gipuzkoako mugak ere gaindituko ditu, eta hainbat ekintza antolatu ditu Nafarroan. Aurrenekoa gaur izango da, goizeko 10:30etan, Iruñako Alde Zaharreko Auzoenean. Bertan, etxerako lanen inguruko eztabaida egingo dute. Bi jardunaldi hauen helburu bera izango dute, Sortzen Elkarteak jakinarazi duenez: «beste eskola-eredu bat posible dela erakustea; parte hartzeko bideak erakutsi eta herria-eskola eta eskola-herria lotura lan­tzea».

Hernanirako Bidarrian, hainbat ekimen antolatu dira urteurrenaren bueltan.

Hernanin egin zen aurreneko eraketa kongresua
Sortzen mugimenduak Herna­nin egin zuen eraketa kongresua duela 25 urte, horregatik, bertan ospatuko dute egun berezia maiatzean.
Aurreneko kongresu horretan, «ikastoletako zein eskola publikoetako kideak bildu ziren Euskal Herriak behar zuen hezkuntzaren inguruko hausnarketa bideratzeko helburuarekin, hau da, eremu ezberdinetatik gure herriak behar zuen eskola eredua margotu eta eraikitzeko».
Bi urte beranduago Eus­kadiko hainbat ikastola publifikatu ondoren Ikasba­tuaz taldea sortu zuten. Izan ere, Sortzen Nafarroako eskola publikoen elkartea zen ordurako.
Hala ere, urte batzuk beranduago bi taldeek bat egin eta Sortzen-Ikasbatuaz Elkartea sortu zuten. 2012an hausnarketa-prozesu baten ondorioz, Sortzen izena berreskuratzea erabaki zuten.

Lau eginbehar nagusi, Sortzen Elkarteak
Taldearen eginbeharrak, lau puntu nagusitan laburbiltzen ditu elkarteak berak: Euskal Herria osoan eragina izango duen elkartea osatzea; irakaskuntzako beste agenteekin batera, Euskal Herri osorako Hezkuntza Sistema propioa lortzearen alde lan egitea; ikastetxeak biltzen dituen sektore desberdinen elkarlana ahalbideratzea, guraso, ikasle eta langileen arteko elkarlana, alegia; eta  ikastetxeak bere Hezkuntza proiektua garatzeko beharrezko dituen eskumenak lortzeko urrats berriak ematea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!