Astelehenean sartuko gara udaberrian, eta urtaroari egozten zaizkion ezaugarri guztiak espero dira aurtengoan: «udaberriko modukoa izango da udaberria», aurreratu du Pello Zabalak, otsaileko tenporei begiratua eman ondoren. Otsailaren 17, 19 eta 20an izan ziren udaberriko tenporak, garizumaren bigarren astean. Eta «egun lasaiak» izan ziren horiek: «ezer nabarmentzekorik ez zen izan; izotzak izan ziren atentzioa gehien eman zutenak. Baina ez zen kontu txarrik izan!», nabarmendu du metereologoak.
«Aldakortasuna izango da, baina txikia»
Haizea nola ibili den begiratzen da tenporen egunetan: «bi edo hiru egun lehenago, haize txoroena eta txarrena izan genuen, Europako haizea, eta elurtea ekarri zuen hark. Baina hori pasata, betiko haizetxoak izan ziren. Hego-ekialdea sartu zen pixka bat, eta orduan txandaka ibili ziren denak. Beraz, ezin da esan zein ibiliko den», dio Pello Zabalak.
Eta horrelakoetan zer? «Ba zein indarrekin ibili diren begiratu behar da. Momentu batzuetan, indarrik gabe ibili ziren. Eta 20 kilometro orduko haizerik ez zen izan, 5-10en bueltan indartsuenak. Horrek esan nahi du, aldakortasuna izango dela, baina aldakortasun txikia», aurreratu du.
Negu euritsuari, udaberri polita
Tenporen hurrengo egunei ere ematen die begiratua Zabalak, eta horietan ere, lasaia izan zen giroa: «euririk ez zuen egin, laino batzuk bai, eta haize pixka bat ere bai. Baina lasaiak izan ziren horiek ere, eta joku horretan dijoa udaberria». Beraz, negua euritsua izan bazen, «bi elurtetxo horiekin», lasaia eta polita dator udaberria; udaberriko modukoa.