Ezin finago dabiltza pilotari goizuetarrak, azken boladan. Beste txapela bat jantzi zuen Iker Salaberriak, asteartean Bergarako lau t’erdikoan, Jon Alberdiri irabazita (22-20). Eta beste hiru final jokatzeko ere sailkatu dira. Oihan Legarretak eta Egoitz Elizegik, 18-12 irabazi zioten Oberenari, eta gaur dute Napar Jokoetako finala, 10:00etan Burladan, Aranpilotaren kontra. Horren segidan jokatuko dute bere finala Aitzol Salaberriak eta Beñat Apezetxeak, Txarutaren kontra, semifinalean Oberena menderatu ondoren (18-11). Eta Iker Salaberriak, Zumarragako lau t’erdikoaren finala izanen du asteazkenean, 19:00etan, Zubizarretaren kontra; 22-20 irabazi zion semifinala Aitor Arangureni. Horren aurretik, Lezaman ariko da gaur, Arangurenekin berarekin, Zubizarreta eta Garmendiaren kontra, 20:00etan.
Aurreko asteburuan baita ere, irabazi egin zieten Xanet Apezetxeak Hugo Nagoreri (16-8), eta Antton Apezetxeak Barriolari (18-3).