Martxan jarri du Goizuetako Udalak, Komunikazio Batzorde berria. Helburua da, «Udaleko komunikazio alorra indartu eta herritarrekin elkarlanean aritzea». Horrela, taldean pentsatu eta taldean erabakiaren aldeko apustua egin nahi du Udalak, herritarren parte hartzea sustatuz eta lanak banatuz. Itsaso Lujanbio komunikazio zinegotziaren inguruan sortu da batzordea.
Gertutasuna eta interesa, ardatz nagusiak
Martxoaren 9an egin zuten aurreneko bilera, eta bertan, komunikazio arloaren ardatz nagusiak ezarri ziren: Udala eta herritarren arteko gardentasuna bilatzea eta herritarrei herriarekiko interesa piztea, betiere informazioa gardentasunez emanez.
Horretarako, tresna ezberdinak nabarmendu dituzte: Goizueta informatzen aldizkaria, www.goizueta.eus web orria, eskualdeko komunikabideak... Konpromisoa hartu zuten, elkarlanean tresna horiek indartu eta beste batzuk sortzeko.
‘Goizueta informatzen’, bigarren alea kalean
Hain zuzen ere, argitaratu berri du Udalak, Goizueta informatzen udal aldizkariaren bigarren alea.
Bertan jasotzen dira, besteak beste, herritarrek bete eta moztuta, Udalean entregatu ditzaketen zenbait atal: batetik, partehartze prozesuaren barruan, herriko langileek egin ditzaketen zereginak proposatzeko; eta bestetik, Udaletik bidaltzen diren mezuak telefono mugikorrean jasotzea eskatzeko.