Plazako lurra aldatuko dute Goizuetan, azkenean aurrera egin baitu lur zolaketaren proiektuak, dirulaguntza berreskuratuta. Horrela, ekainaren 23a baino lehen hasi beharko dituzte obrak, eta bi hilabete baino gehiago irautea aurreikusten dute. Beraz, udara partean zolaketa lanetan egonen da Plaza.
Goizuetako Udalak, guztira, 443.766,66 euroko inbertsioa eginen du Plaza ingurua berritzeko, eta 263.905,41 euroko dirulaguntza jasoko du toki administrazioaren eskutik.
Alegazioa onartuta, dirulaguntza berreskuratu
Udalak, Toki Inbertsio Planera, Plan Trienalera aurkeztu zuen proiektua, eta 2014ko maiatzean onartu zitzaion dirulaguntza. Ordutik, urtebeteko epea zeukan lanak martxan jartzeko, baina urte horretan, Udalak «zailtasunak izan zituen lizitazio prozesua martxan jarri eta obrari hasiera emateko», eta luzapena eskatu zuen, toki administrazioak onartu ez zuena, eta dirulaguntza kendu zion.
Proiektuak «herrian interes haundia» zuela ikusita, alegazioa aurkeztu zuen Udalak. Abenduaren 23an onartu zen alegazioa, eta ondorioz, dirulaguntza berreskuratu zuen. Data horretatik, sei hilabeteko epea dauka Udalak, obra martxan jartzeko.
Epea betetzeko, abuztuan Plaza obretan
Epe hori betetzeko, udara baino lehen hasi beharko dituzte obrak, eta izango duten iraupenarekin, Udalak aurreratu du abuztuan derrigor egonen dela Plaza zolaketa lanetan: «beraz, jaietako elkargunea eta eskaintza kulturalaren eszenatoki nagusia izanik, obrak ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzan ahaleginduko gara».
Ekainaren 23a baino lehen hasi behar dira obrak, eta bi hilabetetik gora iraungo dutela aurreikusi dute.
Lurra berritzeko beharra, «begi bistakoa»
Goizuetako Udalak azaldu duenez, «begi bistakoa» da lurra berritzeko premia dagoela, «urte guzti hauen igaroak sortutako kalteengatik eta herritarron elkargune izanik, duen garrantziagatik».
Migel Angel Ederra ingeniari zibilak diseinatu du lur zolaketaren proiektua, eta berak aurkeztu zien herritarrei, atzo. Plaza ingurua izanen da berrituko dena. Erabiliko den baldosa mota kontutan hartuta, besteak beste, oinezkoak izanen du lehentasuna, lanak bukatu ondoren Plazak hartuko duen itxura berrian.