Udal talde guztiek bat egin dute Europako Batasuna migranteen inguruan Turkiarekin negoziatzen ari den hitzarmenaren kontra azaltzeko.
Hori adierazteko, Europako bandera masta erdian jarriko da udaletxeko balkoian, eta elkarretaratzea egingo da gaur, arratsaldeko 18:00etan Gudarien Plazan. Herritarrei dei egin diete parte hartzeko.
Pasabide Segurua eratzeko proposamena
Prentsa ohar bidez azaldutakoaren arabera, «Giza Eskubideen Nazioarteko Itunak asilo eskubidea jasotzen du; Europako Batasunak eta Turkiak adostu duten hitzarmenak, ordea, asilo eskubidea ez ezik, gerratik ihesi Europara etorri nahi duten pertsona horien beste zenbait giza eskubide ere urratzen ditu».
Horrela, «pertsona horien eskubideak errespetatzeko eta egoera larri horri erantzun humanitarioa emateko» eskatu dute. Hain zuzen, azaldu dute: «Hernaniko udal taldeek egiten dute bat Europa osoko hainbat erakunde, alderdi, sindikatu eta herri eragilek eskatzen duten Pasabide Segurua eratzearen proposamenarekin; Europako Batasuneko 28 estatu kideek pertsona horiek hartu eta bizi-baldintza duinak bermatzeko eskatzen diogu Europako Batasunari».
Orain Hernanik ere, eskaera
Era berean, Orain Hernanik azaldu du, Podemos Hernani Ahal Dugurekin bat eginez, eskatu diela «Alkateari eta herriko taldeei ‘lotsaren akordioaren’ kontra protesta egiteko».
PSE-EEk, eskaera berdina
Bestalde, sozialistek jakinarazi dute PSE-EEk ere eskaera egin diola udaletxeari Pasabide Seguruaren alde egiteko eta «baztertzeko, Europako Batasunak sinatutako giza eskubideen konbenioak edo asilo eskubidea errespetatzen ez dituen akordioak».
Txokolatada, Plazan
Intxaurrondoko Zapore Solidarioak elkarteak, bestalde, azaldu du txokolatada egingo duela Plazan errefuxiatuen alde egitera azaltzen direnentzat.