Duela 25 urte sortu zuten Hernanin Sortzen Elkartea, eskola publiko berria eraikitzeko asmoz, eta hori ospatzeko festa haundia egingo dute Hernanin maiatzaren 22an. Astigarragako Herri Eskola dago babesleen artean, baita Hernaniko Langile, Martuteneko Arantzazuko Ama eta Egiako Aitor Ikastola ere, besteak beste.
Egun osoko aldarrikapen-festa izango da maiatzaren 22koa, baina motorrak berotzen hasteko, zenbait ekintza antolatu dituzte bihartik aurrera, eta apirilaren bukaerara arte.
Hainbat hitzaldi, bihartik apirilera bitarte
Sortzen Elkartearen 25garren urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldiei hasiera emango zaio bihar Eibarren. Hizkuntzen trataera gaiaren inguruan eztabaidatuko dute. 18:30etatik 20:30etara izango da, Eibarko Markeskoa jauregian.
Beste hainbat hitzaldietarako hitzordua ere jarri dute: martxoaren 19an etxerako lanen inguruan hitz egingo dute Nafarroan; apirilaren 7an Donostiako Koldo Mitxelenan Euskal Eskola Publiko Berria eraikitzeko ekarpenak entzun ahal izango dira, eta apirilaren 21ean Hernaniko Biterin aztertuko dituzte Eskola Herritarrak eta Parte Hartzaileak.