«Ezker Abertzaleko oinarri militantea eta kidetza soziala elkarrekin hausnartu, hitz egin, entzun eta eztabaidatzeko ariketa kolektiboa da Abian eztabaida», Ezker Abertzaleak prentsa oharrean azaldu duenaren arabera.
Honen bueltan, bigarren batzarra deitu du larunbat honetarako, 09:30etatik 13:30etara Langile ikastolako Laubidietako eraikinean.
Bost ataletako batzarra
Abian prozesuaren helburua da «Zutik Euskal Herria ebazpenak ekarri zuen estrategia aldaketa gaurkotuz, potentzial osoa askatzea». Hori horrela, Ezker Abertzaleak zehaztu du «erabakiak hartzeko unea» iritsi dela; «batzarretan dago orain gakoa».
Larunbat honetan egingo da bigarren batzarra, eta bost ataletan sakonduko dela azaldu du: Ezker Abertzalearen proiektu politikoa, eskaintza independentista, garapen taktikoa, gatazkaren konponbidea eta antolaketa.
Ezker Abertzaleak dei egin die Hernaniko Ezker Abertzaleko kide guztiei batzarrean parte hartzera. «Ekarpenak egin daitezke atal bakoitzean, eta proposamen alternatiboa aurkeztu daiteke; hauek, batzarrean bozkatuko dira».