Asteburuan hasi da denboraldiko pelota torneorik garrantzitsuena: GRAVNI. Imanol Arruti selekzionatzaileak trinketean aritzen diren bost pelotari hernaniar aukeratu ditu, Gipuzkoarekin aritzeko. Izan ere, txapelketa hau probintzia mailakoa da: Gipuzkoak, Bizkaiak, Arabak, Nafarroak, Iparraldek eta Errioxak hartzen dute parte.
Hernaniko lau pelotari, asteburuan
Txapelketa zazpi jardunalditan jokatzen da, frontoian eta trinketean, eta asteburuan, Gipuzkoako selekzioak nafarraren kontra neurtu ditu indarrak. Gipuzkoako selekzioarekin Hernaniko lau pelotari aritu dira lehian, eta nahiz eta nafarrak izan egungo txapeldunak, Gipuzkoak hasiera ederra izan du.
Frontoian, seniorretan, Labaka eta Aitor Gorrotxategi hernaniarra nagusitu ziren, 22-16, Yoldi eta Lasa nafarren kontra. Trinketean ere, hiru hernaniar aritu dira. Eskuz binaka, jubenil mailan, Ander Lazkano eta Endika Arizmendi hernaniarrek osatu zuten bikote gipuzkoarra, eta 40-38 gailendu ziren, Barriola eta Canavalen kontra. Maila berean, baina banaka, Xabat Pagola hernaniarra izan zen Gipuzkoaren ordezkaria; kasu honetan, Gil nafarra erraz nagusitu zen: 9-40.
Urkizu eta Apezetxea finalean, Udaberri Torneoan
Iñigo Urkizu eta Oier Apezetxea pelotari hernaniarrak Udaberri Torneko finala jokatzeko sailkatu dira. Apezetxeak ezin izan zuen bueltako finalerdia jokatu asteburuan, gripeak jota baitzegoen; Ekaitz Cisnerosek ordezkatu zuen, eta maila bikaina erakutsi zuen partidu osoan. 22-17 galdu zuten hernaniarrek Intza Artetxe eta Elolaren kontra, baina 11 tantu egitea nahikoa zuten finalerako pasea lortzeko; joanekoa 22-11 irabazi zuten Hernanin. Finala Eple taldeko Urmeneta eta Mitxele nan kontra izango da, larunbatean, Hernanin.