Plenoak onartu du hondakin sistemari buruz, Udalak egin nahi duen galdeketaren txostena; aho batez onartu zuten atzo, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek. Behin txostena onartuta, kontsultaren deialdia egitea falta da; etzi egingo da, eta handik 50 egunera, apirilaren 17an, egingo da kontsulta. Igandez erabakiko dute astigartarrek zein hondakin sistema nahi duten herrian.
Hainbat pausu, tartean
Kontsultarako data zehaztu arren, 50 egun horien epean, hainbat pausu eman beharko ditu Udalak. Hasteko, 19 eguneko epea izango da alegazioak aurkezteko; eta ondoren, 10 eguneko epe bat ere zabalduko da, botoa aurretik eman nahi dutenentzat. Udaletxeko idazkaritzan eskatu eta egin beharko da hori.
Botoa, 16 urtetik gorakoek
Galdeketan 16 urtetik gorako astigartarrek izango dute botoa emateko aukera. Kontsulta, udaletxean egingo da, Pleno aretoan edo arkupeetan, eguraldiaren arabera. Sei mahai izango dira botoa emateko, eta orden alfabetikoa izango da kontuan.
Galdera berriz, bakarra izango da: herritarrei galdetuko zaie zein hondakin bilketa sistema nahi duten. Eta bi erantzunen artean aukeratu beharko dute: atez atekoa edo kontenedoreena, organikoarentzat eta errefusarentzat ixteko sistema erabiliko dena. Bozka paper bat jarriko da sistemako, bakoitza kolore batekoa.
Bestalde, jakinarazi dute galdeketari buruzko informazio guztia emango dela; horretarako diptikoak banatuko dituzte etxez etxe. Diptiko horretan zer azalduko den eztabaidatu zuten parte hartze mahaian. Parte Hartze Batzordean erabakiko dute diptikoan zein informazio emango den; eta ondoren, beste parte hartze mahai bat deituko dute, diptiko hori jendaurrean aurkezteko.
EH Bilduren bi mozioak, aho batez onartuak
Atzo elkartu zen ez ohiko Plenoak beste hainbat puntu ere bozkatu zituen; horietako bi, EH Bilduk aurkeztutako mozioak (biak ikusgai daude, www.kronika.eus webgunean).
Aurreneko mozioak eskatzen zuen, emakume kurduen hilketa salatzeko. Aho batez onartu zuten hiru alderdiek. Mozioan eskatzen da, besteak beste, inpunitatearen amaiera eta krimenaren ardura dutenek justiziaren aurrean erantzutea.
Bigarren mozioan berriz, Sahararen aldeko adierazpen instituzionala onartzea bozkatu zuten; aho batez onartu zen hau ere. Bertan eskatzen da, besteak beste: RASDeko gobernu legitimoa eta Fronte Polisarioa errekonozitzea, eta Saharar herriak legez duen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea; Astigarragako Udalak Sahararen Euskal Karabanaren ekimenean zuzenean eta aktiboki parte hartzea...
Martxoaren 8ko adierazpena
Azkenik, eta hurrengo Plenoa Emakumearen Eguna pasata izango denez, beste mozio bat bozkatzea onartu zen urgentziaz: Martxoaren 8ko adierazpena. Hiru alderdiek elkarrekin aurkeztu zuten mozioa, eta aho batez onartu zuten. Zorionak eman zizkioten elkarri, adostasun batera iristeagatik.
Batzordeak, azoka eta beste hainbat kontu, galderetan
Galdera eta erreguen tartean, berriz, EH Bilduko bozeramaileak, Andoni Gartziak egindako galderei erantzun zien EAJk. Besteak beste, argitu zuten aspaldi egin ez diren batzordeak laster egingo direla; azokak komertzio batzuei sortu dien kezka argitzeko proposamen berri bat aztertzen ari direla (ostiral arratsaldeetara pasatzea); edota etxe hutsen inguruko deialdia dela eta, izandako keja kontuan daukatela. Era berean, Andoni Gartziak azaldu nahi izan zuen «Diputazioa modu txapuzeroan» jokatzen ari dela A3 autobusaren geltokiarekin: «Segurtasun arazoak medio, geltokia mugitzeko neurria atzera bota du».