Herriko notiziak ezagutzeko, eskelak begiratzeko, negozioa iragartzeko... eta orain, bere tabernako paretak dekoratzeko erabili du Kronika Francisco Parrak. Bere anaia Kike Parra eta Arkaitz Narroren laguntzaz, Kronikako alez bete du Zikuñagako Parrita tabernako sabai osoa.
«Galizian ikusi nuen»
Francisco Parra hernaniarrak antzeko ideia batean hartu zuen inspirazioa: «duela urte batzuk Galiziako taberna batean ikusi nuen antzeko zerbait. Klase guztietako komikiak zeuden bertako paretetan».
Baina berak, bere anaia Kikeren laguntzaz, ukitu herrikoia eman nahi zion, eta horregatik erabaki zuen tabernako sabaia Kronikako aleekin papereztatzea: «Kronika herriko egunkari bat da, eta horrek zirrara haundiagoa eragingo zuen, herriaren sentimenduarekin bat egiteaz gain».
2-3 hilabetetan zehar jaso ditu Zinkoenea kioskoak Kronikako aleak.
«Zinkoeneako kioskoak gorde zizkigun aleak»
Erabakia hartu ondoren, aleak nola bildu erabaki behar izan zuten: «Zinkoeneako kioskoari eskatu genion laguntza, eta berak gorde zizkigun aleak. Soberan geratzen zitzaizkionak bildu zituen 2-3 hilabetean zehar». «700-800 bat ale» behar izan dituzte, eta diotenez, «kioskoari esker lortu ahal izan dugu».
Ale guztiak lerrokatuta jarri dituzte, bata bestearen gainean.
«Pazientziarekin egin behar izan dugu»
Arkaitz Narro da ‘artista’, eta berak azaldu duenez: «pazientzia da gakoa». Izan ere, tinta ez borratzeko «gutxi ikutu behar dira eta kola azpitik eman behar da». Gainera, «guk denak lerrokatuta jarri ditugu, bata bestearen gainean eta alde berdinera begira, sabaiera begiratzean politagoa gelditzen delako».