hernaniko Kaleratzeak Stop taldeak dei egin die hernaniarrei, gaur Donostian, TTIParen kontra egingo den manifestazioan parte hartzera. Boulevardetik aterako da, eguerdiko 12:00etan eta Hernaniko taldeak babesa adierazi nahi du: «guztia multinazional haundietarako negozio neurrigabea bihurtzeko bidean dago, eta oraindik urrunago joateko akordio komertzialak ari dira lantzen. Eta ildo beretik jarraituz, sistema publikoa ahultzeko etekin haundien bila dabiltza. Baliabide naturalak mugarik gabe ustiatzeko bide eroan ere, murgilduta daude».
Hernaniko taldeak Kronikara bidali duen prentsa oharrean azaldu duenez, politika komertzial hauen ondorioak ondo ezagutzen dituzte: «ondorio latzak dira. Gure esparruan esaterako, jendea beraien etxeetatik kaleratzen da, eta etxebizitza eskubidea negozio hutsa bihurtzen ari da».
Hori horrela, gaur Donostiara gonbidatu dituzte hernaniarrak: «Donostian egongo gara gaur, TTIParen aurka planto egingo dugula oihukatzen. Gerturatu eta parte hartu».