hernanin Zero Zabor taldeak herritarrak gonbidatu ditu gaur, Andoainen egingo den martxan parte hartzera. Andoaingo Ipar Haizea plataformak deitu du Osasunaren aldeko eta Errausketaren kontra martxa; arratsaldeko 17:00etan aterako da, Etxeberrieta Plazatik
Errauste planta, 5 kilometro baino gutxiagora
Hernanin Zero Zaborrek prentsa oharrean azaldu duenez, Andoain, Hernani bezala, oso gertu geratzen da Diputazioak eraiki nahi duen gunetik: «5 kilometro baino gutxiagora». Bestalde, gogoratu dute, orain gutxi OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuek azaldu dutela, hondakinen errausketak arriskuan jartzen duela pertsonen osasuna: «baita 20 kilometroko distantzian ere. Honen arrazoia da, zaborraren errausketak kaltegarriak direla guretzat eta ingurumenarentzat, gas eta hauts asko sortzen dituelako».
Oharrean diotenez, produktu horiek areagotu egiten dute minbizi mota batzuk eta diabetesa jasateko probabilitatea: «ume jaio berrietan, malformazioak %30 haundintzen dira; giltzurrun displasiak %50; minbiziari dagokionez, pleurako tumore baten ondorioz, hiltzeko probabilitateak %84 haunditzen dira».
Bestalde, azaldu dute, jakin berri dela Añorgako zementu-fabrikan 2008 urtetik hiru motatako hondakin industrialak erretzen direla: «horietako bat, hondakin arriskutsu edo ‘erregai alternatibo onartutako hondakin arriskutsu’ bezala kalifikatua dagoena. Horra beste erraustegi bat hernaniarrok atarian daukaguna».
«Errausketa bertan behera uzteko eskaera, gaur»
Oharrean azaldu dutenez, gaur Andoainen egingo den martxak balio behar du «arazo larri honetaz herritar guztiak jakinaren gainean jartzeko; eta agintariei errausketa proiektuak bertan behera utzi ditzaten eskatzeko».