Hainbat gai landu zituen bere azkeneko bileran, Gizarte Zerbitzu, Giza Eskubide eta Enplegu Batzordeak; besteak beste, Harrera Protokoloaren gaia. Horren bitartez, asmoa da «harrera beroa egitea, Astigarragan erroldatuko diren guztiei», Udalak azaldu duenez.
Proiektu hori martxan jartzeko, elkarlanean aritu dira Udaleko teknikariak, alderdi politikoak, Herri Eskola, Haur Eskola, kiroldegia eta herriko elkarte ezberdinak. Aztiker enpresak koordinatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza ere jasoko du Udalak, elkarbizitza eta aniztasuna sustatzen dituzten proiektuetara bideratutakoa.
«Helburua da, herriak, eta herriaren izenean alkateak, harrera ofiziala ematea Astigarragan erroldatzen direnei. Laster, ongietorri ekitaldiarekin batera, biztanle berriei herriko zerbitzuen gida ere emango zaie», aurreratu dute.
Kooperante, 18 urtetik gora
Kooperazio proiektuei buruz ere aritu ziren bileran. Berraztertu zuten nor izan daitekeen kooperante, eta erabaki zuten 18 urtetik gorako edozein astigartarri ematea aukera, «betiere gazteek izango dutelarik lehentasuna», azaldu dutenez.
Dirulaguntza, kiroldegira eta musika eskolara joateko
Bestalde, dirulaguntza programa bat ere jarri du martxan Udalak, baliabide gutxi dituzten familiek aukera izateko, kiroldegira eta musika eskolara joateko. Horrela, onuradunei kostu osoaren %50a itzuliko zaie, honako hauetan: kiroldegian, sei hileko eta urteko kuotan, eta igerilekuko bonoan; eta musika eskolan, hizkuntza musikala eta instrumentua ikasteko.