Beste bilera bat egin zuen, asteazkenean, A3 Orain! taldeak, eta nabarmendu dute, dagoeneko 1.500 sinaduratik gora lortu dituztela. Gainera, luzatu egin dute bilketa, beste astebetez, «Plenoa ez delako izango 12an, guk uste bezala, 19an baizik. Beraz, sinatzeko falta zaretenak, animatu!», azaldu dute. Pleno horretan, mozioa aurkeztuko du taldeak.
«Aurrerantz goaz, ez gaude geldi, ilusioa dugu eta dagoeneko emaitzak begi-bistakoak dira», diote; «lorpenik haundiena da, asteroko bilerek ez dutela behera egin, eta hogei bat lagunek elkartzen jarraitzen dugula. Bizi garen garaietan, ez da batere arrunta horrelako talde anitza astero biltzea».
«Lorpenik haundiena da, asteroko bilerek ez dutela behera egin, eta hogei bat lagun biltzen gara».
«EH Bilduk bat egin du gure aldarrikapenarekin»
Udal taldeekin eskatutako bileren berri ere eman du taldeak: «orain arte, EH Bildurekin bakarrik bildu gara, eta haiek adierazi digute gure aldarrikapenarekin bat datozela. Esan beharrik ez dago, lorpena osoa izateko, EAJ, PSOE eta Alkatetza ere animatzen ditugula eta gonbidatzen ditugula gurekin bat egitera, guztiok bat eginez errazagoa izango delako».
Datorren asterako ere, prestatzen ari dira. Mozioa aurkeztuko dute Plenoan, eta lortu nahi dute, astigartarrak bertara gerturatzea. Eta bestetik, aztertzen ari dira, aldarrikapena osteguneko pintxo potera eramatea ere.
«Kaltetuenak, ahulenak»
Taldeak gaineratu du: «A3 autobusa kentzeak astigartar guztiak kaltetzen dituen arren, ahulenak dira kaltetuenak: gaixoak eta haien senideak, Ospitaleetara joaten direnak tratamenduak, kontsultak edota zaintza lanak egitera; eta nola ez, gazteak, ekonomikoki ahulenak».