Ederra izan zen Telmo Semperena astigartarraren lasterketa, Beasaingo Usurbe Sarian, aurreko larunbatean. Eta oraingoan, sari potoloena izan zuen bere lanak: garaipen haundia lortu zuen.
50 kilometroko proba izan zuten Semperenak eta Tomas Oterminek, beste 96 txirrindularirekin. Abiatu bezala, ihes egin zuen Aitor Martinez de Morentin taldekideak, eta berehala, baita Semperenak ere, beste txirrindulari bati segika.
Bikain konpondu ziren hirurak, eta tartea zeukatela, erasoa jo eta bakarrik joan zen Martinez de Morentin, Olaberriako igoeran. Sufritu zuen astigartarrak, baina eutsi egin zion beste iheskideari gaineraino, eta beherakoan jo zion erasoa, taldekidea harrapatzeko. Bien artean jokatu zuten garaipena esprintean, eta astigartarra nagusitu zen. Besoak altxata iritsi ziren biak.
Oterminek, berriz, lan ona egin zuen tropelean, eta podiumera ere igo zen, talde onenaren saria jasotzera.
Jaime Romero, hirugarren
Infantil eta alebinek, berriz, Errenterian zeukaten zita, eta astigartarrek emaitza bikainak lortu zituzten bertan ere. Erorikoa izan arren, hirugarren izan zen Jaime Romero, infantilen artean; eta 8garren Tasio Semperena, alebinetan.
Arazo fisikoekin, Urko Semperena
Ez zuen zorte bera izan Urko Semperenak. Errenterian aritu zen bera ere, juniorretan, baina lasterketa utzi behar izan zuen, tropelean kontrol lanean ari zenean, 30 kilometroren faltan.
Juniorrak Astigarragatik pasako dira bihar
Beste hiru zita izango dituzte asteburu honetan. Alebin eta infantilak Zarautzen ariko dira gaur, 16:30etan hasita. Kadeteak, berriz, Azpeitian ariko dira bihar arratsaldean, 16:00etan hasita.
Eta juniorrek, Juanjo Zabala Memoriala jokatuko dute bihar goizean, Egia auzotik abiatuta, 10:45etan. Gainera, lasterketa bi aldiz pasako da Astigarragako zentrotik, eta sei aldiz Perurenatik.