Inpernuko Larroxak taldeak prentsa oharra bidali du Kronikara, herritar guztiei adierazpen bat egiteko asmoz: «Sidreros go home, Aizkora zorroztu eta Sabotaje reformau taldeetako errautsetatik sortutako taldea olinpikoa gara Inpernuko Larroxak, talde euskalduna, jatorra, sanoa, partehartzailea eta baketsua. Adierazi nahi dugu, Aro Modernoa hasi denetik, 3 Olinpiada egin izanak zeharo harritu gaituela. Inoiz bi Olinpiada baino gehiago ez baitira egin segidan. Horretarako, antolakuntza zeharo berritu behar izan da. Azken Olinpiadetan gure erretiroa iragarri genuen, antolakuntzako froga aise irabazi eta gero noski».
Azaldu dutenez, erretiroa aurkeztu zuten, ez zutelako uste segidarik izango zenik: «ziurtasun osoz uste genuen ez zela gazte generazio berririk izango, 4. Olinpiada antolatzeko. Badirudi ordea, baietz; jokoa beraz, ez da amaitu».
Bi baldintza bete behar ditu, KOIk
Hori horrela, KOIk errespetatu beharreko baldintzak azaldu dituzte: «sasi antolakunde honek errespetatu beharko ditu: 1. Kristoren eguraldia egiten badu hartuko duela parte. Gure hezur zigortuek ez dituzte kazkabarra, elurra, hotza eta euria gustuko. 2. Baliteke proba guztietan parte hartzerik ez izatea. Bigarren gaztaroa ari gara bizitzen, eta gure planek dedikazio osoa behar dute: surfa, triatloiak, mendi lasterketak, umeak egin, ajeak...».
KOIk bi baldintza horiek onartzen baditu, honakoa ziurtatzen dutela adierazi dute: «1. Tranpa guztien saltsan izango gara. 2. Olinpiadetan parte hartu nahi duen edonori lekua egingo diogu, gure taldea jubilatu ororen bilgune izan dadin, taldea betikortzeko asmoarekin».
Inpernuko Larroxak taldean izena eman nahi duenak taldearen ohiko guneetara jo beharko du: «koadrila gabe bazaude, neskak utzi bazaitut, larroxa kolorea gustatzen bazaizu, mutil laguna bota baduzu, umeak zeinekin utzi ez baduzu, watsapp talde interesgarrietan ez bazaude... Inpernuko Larrosak irekia dago zurentzat. Hori bai, diskrezioz jokatu beharko duzu, ezingo duzu gure arteko harremanen berri eman».