Hernanik herri eskuzabala dela erakutsi du beste behin. Urtero bezala, Udalak elikagaiak bildu ditu, Saharako Errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko. Piztu itxaropena Euskal Karabanaren bueltan antolatu dute ekimena, eta Biterin egin da bilketa: herritarrek, batez ere, arroza, pasta, azukrea, lekaleak, atuna, sardinak oliotan eta konpresak eman dituzte. Udaletik jakinarazi dutenez, 5.000 kilo elikagai jaso dira aurten, joan den urtean baino 1.000 kilo gehiago; 10 paleta arropa ere, bidali dira.
«Eskerrik beroenak, herritar guztiei»
Udalak eskerrak eman nahi dizkie, modu batera edo bestera lagundu duten guztiei: «hernaniar guztiei gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu, beste behin, Saharako herritarrekiko euren elkartasuna modu batera edo bestera agertu dutelako; eta baita ere, erakutsi duten eskuzabaltasunagatik. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu bilketan aktiboki parte hartu duten pertsona eta erakundeei. Horien artean daude: herriko ikastetxeak, supermerkatuak eta kultur etxea».
Azpimarratu dute, aurten oso jende gutxi izan dutela taldean, eta esfortzua bikoitza izan dela. Eta bide batez gogoratu dute, talde irekia dela, eta herritarrak gonbidatuta daudela datorren karabanan parte hartzera.
Kamioiak otsaila bukaeran atera ziren
Azaldu dutenez, Donostiatik eta Bilbotik atera dira kamioiak Tindufera, otsailaren 26 eta 27an, hurrenez hurren: «7 trailerrek, bi kamioiek, furgoneta batek eta beste bi garraiobidek osatu dute aurtengo karabana. Kamioiak boluntarioek garraiatu dituzte Alacanteraino, eta handik itsasontziz eraman dituzte Oraneraino. Bertan, Sahararrek hartuko dute kanpamenduetaraino garraiatzeko ardura». Euskaditik 430 tona bidali dira.