«Erronka garrantzitsuak» Hernanik, herriaren bitalidade sozio-ekonomikoa hobetzeko

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 12a, 01:00

Hernani izan da Udalbizi proiektuaren barruan, Gain­degiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, aztertu duen aurre­neko herria. Biziga­rri­tasun sozio-ekonomikoa zein den neurtu dute, eta Hernanik «erronka garrantzitsuak» ditu­ela ondorioztatu dute. Hala ere, Imanol Esnaola Gainde­giako koordinatzaileak dioenez, «bes­te herri asko bezala, indargune eta ahuldadeak» dituela onartu du.

Bi ezaugarri nabarmentzen dira 
Azterketaren ondorioz, Her­nani­ herriaren ardatzak diren bi ezaugarri dituela ondorioztatu du Gaindegiak: «hiri baten periferian kokatua dagoela eta aspaldian ehun industrial trinkoa duela», hain zuzen. Eta bi horien menpe daude beste ba­tzuk, hala nola egitura demografikoa eta herritarren formazio-maila, edota hirigintza eta jarduera ekonomikoaren berrikuntza maila.
Bi ezaugarri nabarmen horiek Hernaniko herrian nola eragiten duen azaltzeko, adibide bat jartzen du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak: «Hernaniko ehun ekonomikoa oso industriala da, maila teknologiko haundiko eta txikiko enpresak elkarren ondoan bizi dira. Beraz, langile multzo haundi bat erretirorako adinera hurbiltzeaz gain, errenta maila oso desberdineko jendea du, eta langabeziari dagokionez ere, manufakturaren krisia bete-betean nozitu du».

Gizarte kohesioa da, Udalbizi proiektuaren indikadoreen arabera, Hernanik daukan ezaugarri negatiboena.

Zazpi indize aztertu dira
Hori ondorioztatzeko, Herna­niko datuak zazpi indize orokorretan laburbildu ditu Gain­degiak: biztanleria, gizarte kohesioa, lan merkatua, jarduera ekonomikoa, hiri antolamendua, azpiegiturak eta mugikortasuna eta Udal ekonomia. 
Eta gero, datuak jasota, «xehetasunak ahalik eta esanguratsuenak egin nahian herri­aldeko tamaina bereko udalerriekin alderatu ditugu. Nor­bera bere inguruko eta parekoen ondoan nola dabilen jakiteko, hori ere oso lagungarria baita», azaldu du Gain­degiak. 
Kon­pa­raketa horren emaitza da, indize bakoitzari emandako balorazioa. Horren arabera, zazpi arlotatik, bostek balorazio positiboa dute, batek negatiboa eta zazpigarrenak kezka ikurra du: «Datua positiboa dela esaten dugunean, esan nahi dugu gainerakoen antzera dabilela maila guztietan», azaldu du Imanol Esnaolak.

Biztanleria zaharkitua eta jaiotze gutxikoa
Biztanleriari dagokionez, bi azterketa egin ditu Gaindegiak: alde batetik, 2008-2014 bitarteko hazkundea neurtu dute: «Hernani izan da bere kidekoen artean hazkunde apalenetakoa izan duena». 
Beste alde batetik, 2025­erako espero diren jaiotza- eta herio­tza-tasak aztertu dituzte, eta diotenez, «jaiotzei dagokionez,  Hernanik izango du jaiotza-tasarik baxuenetakoa, eta zahar­tzeari dagokionez, bere kidekoen pare ibiliko da, baina ez muturreko taldean». 
Esnaolak dioenez, datu ho­ri­en artean nabarmendu behar da, adibidez, «ama izateko adinean dagoen herritar kopuruaren proportzioa baxua da aurreko hamarkadetako ibilbidearen ondorio, batez ere, 80ko krisi ekonomikoak eraginda».

Hiri antolamendua zalantzan jartzen du txostenak, batez ere, etxebizitzen eskuragarritasun ezarengatik.

Gizarte kohesioa, Hernaniren arazo potoloena
Gizarte kohesioa da, Udalbizi proiektuaren indikadoreen arabera, Hernanik daukan ezaugarri negatiboena, inguruko udalerriekin konparatuta. Hori baloratu ahal izateko, herritarren errentak eta menpekotasun-indizeak neurtu dituzte. 
Errentari dagokionez, lehenago aipatu bezala, Hernani herri industriala denez, krisiak zuzenean eragin dio, eta ondorioz, «Hernani izan da errenta jaitsiera haundienetakoa izan duena». Lan errentan gertatutako euste-maila Gipuzkoa (0,1) eta Buruntzaldearen (-1) batez bestekoaren azpitik dago Her­na­nikoa (-1,7), baina Ando­ain da jaitsiera haundiena jasan duen herria (-2).
Menpekotasun-tasak, aldiz, oso altuak ditu. Horrek esan nahi du, zaintza iraunkorra behar duten pertsonen kopurua (batik bat haurrak eta adinekoak) oso altua dela. Gaindegiko kideek diotenez, gertutik jarraitu beharreko gaia da menpekotasun-indizeak neurtzen duena: «Hernaniko zahartze-tasak ba­taz bestekoaren pare daude, baina hala ere, indize altua izaten jarraitzen du eta, hurrengo urteei begira, are haundiagoak izango dira. Hori horrela, Hernanik zaintzari begira jarri beharra dauka. Hau indartzen duen datu bat da Hernaniko herritarren artean senideen zaintzara emandako herritarren-tasa erreferentziazko udalerrietan baino altuxeagoa dela». Igoera mozteko diotenez, «konponbide gehiago beharko dira eta berrikuntza sozialaren bidetik etorri daitezke ikusten ari garenez».

Jarduera ekonomiko industriala eta lan merkatu egonkorra
Herri industriala izatea Herna­­niren ezaugarrietako bat, eta berari lotzen zaio herriaren errenta eta lan merkatuaren zati haundi bat. Udalbiziren azterketak «maila teknologiko altuko industriaren presentzia» nabarmentzen du, horrek dinamiza­tzen baitu ekonomia ehun produktibo berritzailean.
Gainera, industriaren indarraren ondorioz, «2008-2014 aldian langabeziak hazkundea izan du, baina inguruko udalerrietan baino nabarmen apalagoa» izan da.
Lan egiturari dagokionez, beste herriekin konparatuta, Hernanik «ikasketarik gabeko biztanleria nabarmen altuagoa du eta goi-tituludun gehien duenetakoa da». Hala ere, «eskulana ordezkatzean, besteek baino gaitasun apalagoa du».
Bi ezaugarri hauek kontuan hartuta, lan egiturari dagokionez, «giza potentziala eta lan dinamismoa maila egokietan» dituela aitortu du Gaindegiak.

Udal Ekonomia, osasuntsu
Ekonomia arloa ere aztertzen du Udalbiziko txostenak. Hernaniko Barne Produktu Gordinari (BPG) dagokionez «2008tik behera egin du, inguruko herri gehienetan baina gehiago». 
Hala ere, Gaindegiak Udaleko diru-sarrera eta gastuak nabarmendu nahi izan ditu, batez ere, «Udalak zorpetze-maila baxua» duelako.

Azpiegitura eta mugikortasun egokiak; baina hiri antolamendua, zalantzan
Azpiegitura eta mugikortasunaren arloan, Hernaniren ezaugarri azpimarragarrietako  bat da hiri baten periferian kokatua egotea, horrek ahalbidetzen duelako herrien arteko komunikazioan.
Hala ere, kokapen horrek alde negatiboak ere izan ditzake. Esaterako, etxebizitzen prezioa igoarazi egiten du eta, ondorioz, eskuragarritasuna nabarmen jaisten du. Eta horregatik, Gaindegiak zalantzan jartzen duen indize bakarra da hiri antolamenduarena. 

 

Hernaniko azterketa, neurgailu estandarra sortzeko aurreneko pausua

Zazpi indizetan banatzen den neurgailua da Udalbizi egitasmoak erabili duena. Baina horren atzean, oinarrizko 99 adierazle daude, eta horien gainean beste 27 eraikitzen dira.

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, bitalidade sozio-ekonomikoa neurtuko duen sistema estandarra sortzeko aurreneko pausuak egin ditu. Eta aurrerapauso horiek frogatzeko, Hernanin egin du aurreneko azterketa.

126 indikadore erabiltzen dituen neurgailua
Udalbizi egitasmoaren azterketa zazpi indize nagusitan laburbiltzen da: biztanleria, gizarte kohesioa, lan merkatua, jarduera ekonomikoa, hiri antolamendua, azpiegiturak eta mugikortasuna, eta Udal ekonomia.
Dena den, indize hauek 127 indikadoreren emaitza dira; oinarrizko 99 adierazlerekin, eta horien gainean eraikitako beste 27rekin. 
Oinarrizko indikadoreen artean daude, esaterako, 2025garren urteko biztanleriaren zenbait ezaugarri, edo krisi urte hauetan zenbat aldatu den gizon eta emakumeen arteko errenta desberdintasuna. Horrez gain, datu zehatzak jasotzen ditu herriko enpresen maila teknologikoaz, herriko langabeziaz, baita espazio publikoen azalera ere.
Azterketa borobiltzeko asmoz, herrialdeko tamaina bereko udalerriekin alderatu dituzte datuak. Eta horretan oinarritzen dira balorazioa positiboki edo negatiboki deskribatzeko garaian.

Herrien bizigarritasuna zein den jakitea, helburu
Herriaren bitalidade sozio-ekonomikoa zein den jakitea da Udalbizi proiektuaren helburua, baina Gaindegiko arduradunek diotenez, ez dute zehazki bizi-kalitatea aztertu: «ez gara bizi-kalitatearekin arduratu, baina bai arduratu gaituela zehazteak eguneroko bizimoduan beharrezkoak edo baikorrak diren elementuak». 
Ildo horretatik, azaldu dute ikerketa honetan udalerriak ez direla subjektu pasiboak, eta beraz, «bere udal ordezkariek zein eragile sozialek eta herritar soilek etengabe lan egiten dutela arazoak gainditu eta komunitatea ahalik eta kohesionatuena izateko». «Kohesioa hainbat modutan adierazten da» eta hori irudikatzeko «zazpi indize nagusi eraiki ditugu, elkarren artean osagarriak direlako eta neurri batean, elkar eragiten dutelako». Eta horrela, elkarren arteko loturen bitartez, udalerri aktiboen momentuko bitalidadea neurtu ahal izango dutela uste dute. 

Aurreneko pausua besterik ez
Hala ere, Gaindegiako Imanol Esnaolak onartu du badakitela «udalerrien bizitasun sozio-ekonomikoak ñabardura haundiak behar dituela, eta Hernani eta Arano ezin direla modu berean ebaluatu». Hau, beraz, aurreneko pausua da: «horietara ere iritsiko gara», dio etorkizunera begira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!