Hernaniko atletak maila bikainean, azken probetan

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 9a, 01:00

Historian aurreneko aldiz, Hernaniko jubenilen taldeak Espainiako Kros Txapelketara sailkatzea lortu zuen; Yohanes Merinok, Anartz Artolak, Enaitz Larrañagak eta Zaikariae Elbag­dadik osatzen dute, laukotea. Sekulako kros denboraldia daramakite, eta hasieratik izan dute helburu, Espainiako Txapel­ketara sailkatzea. Ma­drilen izan berri dira, eta Zar­zuelako hipodromoan, Esta­tuko beste 280 korrikalarirekin batera hartu dute parte. Oso lasterketa ona egin zuten lauek, nahiz eta Zaikariaek erre­tiratu egin behar izan zuen; hori horrela, ezin izan zuten taldeka aurreneko posturik eskuratu. Hala ere, Mikel Von Wichmann entrenatzailearen esanetan «oso denboraldi ona egin dute».
 
Jaurtiketan ere, bikain
Euskadiko Jaurtiketa txapelketan ere, izandakoak dira CD Hernaniko atleta hernaniarrak. Igandean Durangon jokatu zen jaurtiketa luzeen Euskadiko Txapelketa, eta aipatzekoak dira Aitor Urkiak eta Irati Olaetxeak, jubenil eta kadetetan lortutako emaitzak; urrezko domina lortu zuten biek. Maider Artolak, kadetetan zilarra eskuratu zuen. Eta gainera, Urkiak, 56,96 metroko marka eginda, mar­txoaren 19an Salamankan jokatuko den Espainiako Txapel­ketara sailkatzea lortu zuen.

Berrizen, txikien krosa
Kategoria txikietan, Euskadiko Eskolarteko kros txapelketa jokatu zen Berrizen. Gipuzkoako hiru talde onenak izan ziren bertan, tartean, Gorka Lopez de Arregi, Ander Ezenarro, Unai Iraola eta Jon Tolosa infantilek osatutakoa. Lan ona egin bazuten ere, zazpigarren postuan bukatu zuten.

Guerrero ahizpak, bikain
Dozenaka emakume hernaniarrek hartu zuten parte Lila­toian, igandean. Aipa­tzekoa da, CD Hernaniko Maitane Guerrerok irabazi zuela; eta Hoki Guerrero ahizpak hirugarren egin zuela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!