Asiako liztorraren 48 kabi kendu dituzte 2015ean

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 8a, 01:00

Pasa den azaroaren 26an bukatutzat eman zuen Udalak liztor beltzaren kontrako kanpaina: «euri eta haizetearen ondorioz, hainbat kabi erori edo erdi hau­tsita geratu ziren. Eta egoera ikusita kanpaina itxi genuen». Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu dutenez, 2015­ean liztor beltzaren 78 kabi an­tzeman dituzte Hernanin, eta horietatik 49 kendu edo inaktibatu dituzte: «gainerako 28etatik batzuk kanpainatik kanpo begiratu ditugu, eta erreginek alde egin dutela ikusita, gainerako liztorrak hiltzeak ez zuen zen­tzurik, bakarrik hilko direlako edo hurrengo urtean ez dutelako kabi hori erabiliko. Beste kabi batzuekin berriz, ditugun baliabideak kontuan izanda, ezin izan dugu ezer egin».

Giza baliabide eta material ezberdinak erabili dira
Prentsa oharrean Udalak azaldu duenez, kabiak kentzeko giza baliabide eta material ezberdinak erabili dira. Kabi primarioak udaltzainek ken­du dituzte: «lan hori egiteko salabardo bat egokitu da, ez da pozoirik erabili eta gauez egin da, erregina bertan zegoela ziurtatzeko».
Kabi haundien kasuan, udal brigadako langileak, udaltzainak eta boluntarioak aritu dira lanean, tartean, Hernanin bizi diren suhiltzaile, erlezain eta 4 ehiztari: «lan horretarako behar izan dituzte Udaleko luma kamioia, oso altu zeuden kabietera iristeko. Baita ere, beira-zuntzezko pertiga teleskopikoa, pozoia eta ehiztarien eskopetak eta kartutxoak».

«4 urte, borrokan»
Gogoratu dute, 4 urte darama­tzatela liztor beltzaren kontrako borrokan, eta eboluzioa ikusita, ondorio batzuk atera dituzte: «batetik, orain arte egindako lanari esker, nahiz eta espeziearekin ezin bukatu, kontrolatzen ari gara. Gorakada nabarmenik ez egotea lortu dugu, kontuan izan behar baita, kabi bakoitzetik 200 erregina inguru atera­tzen direla; hurrengo udaberrian bakoitzeko bere kabia egiteko prest izango da.  Izan ere, nahiz eta horietatik %90a ne­guan hil egiten den, ez bagenu ezer egingo, hurrengo urtean kabi bakoitzetik 20 gehiago egongo lirateke». Bestetik, azaldu dute topatu dituzten kabietan ez dutela alde haundirik topatu: «gero eta joera haundiagoa dute kabiak herrian edo inguruan egiteko». Azkenik, konturatu dira kabi haundiak ez dituztela zuhaitzetan bakarrik egiten: «belardi, sabai, pertsiana eta abarretan ere egiten dituzte».

Herritarren laguntza, ezinbestekoa
Udalak jakinarazi du egindako lana ez litzatekeela posible izango herritarren laguntzarik gabe: «gutxi falta da udaberria iristeko, eta gordeta dauden erreginak kabietatik aterako dira, kabi berriak egiteko teilatu, ganbara sabai, balkoietan... Udaberria iristean, herritar bakoitzak bere ingurua aztertzen badu eta ikusten duenaren berri ematen badu, denok irabaziko dugu. Kabiak ikusiz gero, deitu Udaltzaingora: 943 24 89 00».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!