Udala eta Hika Teatroa batu dira aurreneko aldiz sorkuntza jardunaldiak antolatzeko. Koadernoa zuri antzezlanaren prozesua gertutik ezagutzeko aukera emango zaio herritar talde bati, eta orain ari dira talde hori osatzen.
20 pertsonako taldea izango da, eta komunitatea izatea espero dute, hau da, talde aktiboa, prozesuan parte hartzen duena.
Taldean parte hartu nahi dutenentzat bilera deitu dute gaur arratsaldeko 19:00etan, Biterin. Bertan azalduko da zertan datzan, eta parte hartu nahi duenak izena emateko aukera izango du.
Bilerara joaterik ez duenak kultura sailarekin hitz egin dezake: kultura@hernani.eus edo 943 55 29 62.
Hika Teatroarekin, eskutik
Prozesuan parte hartzen duenak, Hika Teatroak Koadernoa zuri antzezlana estreinatu arte, martxotik irailera bitarte, egiten duen lan guztia jarraitzeko eta horren parte izateko aukera izango du. Besteak beste momentu hauetan egongo da: testuaren irakurketan, entsaioetan, entrenamenduetan, muntaian..., hau da, obraren parte izango da.