Orain bi egun Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu osoan. Borroka ordea, egunerokoaren parte da. Gaur zapatismoak eta feminismoak izan dezaketen erlazioari buruz hitz egingo duzu Biterin. 3-4 lerrotan, antzekotasun hori laburtzerik bai?
Erlazio gutxi dagoela uste dut. Feministek liberatzen erakutsi nahi zieten emakume zapatistei, eta liskar labur bat izan zuten. Zapatistek, horri erantzunez, debekatu egin zuten emakumeen sarrera; baita GKEetan aritzen ziren emakumeena ere. Gogoan dut Marcos Subkomandanteak aitortu zidana: «Komandantak intrinkatu egin dira». Mexikoko espainolean esan nahi du, kontra daudela, haserre, itxi egin direla.
Ondoren feminismora ireki dira, baina feminismo kritiko batera. Beste perspektiba batzuk dituzte. Zapatisten proposamenak errespetu haundiz entzuten dira, eta izaera epistemikoak eta filosofikoak ere kontuan izaten dira, eta emakume zapatisten eskubide eskaerei lekua ematen zaie.
20 urte baino gehiago pasa dira emakume eta gizonek Chiapaseko kaleak hartu zituztela, Demokrazia, Askatasuna eta Justizia eskatuz. Zein da emakumeek altxamendu horretan izan zuten papera?
Emakumeen papera klabea izan zen altxamenduan. Mayora bati esker hartu zen San Cristobal de las Casas. Ramona Komandanta klabea izan zen katedraleko elkarrizketa ezagunetan, bakea lortzeko izan ziren hartu-emanetan. Elkarrizketa horiek Samule Ruiz obispoarekin izan ziren, eta Mexikoko Gobernu Federaleko ordezkariekin. Irudi horiek liluratu egin gintuzten; eta baita ere, Doble Jornadak emakume zapatista matxinatuei egindako elkarrizketek ere.
Zein izan zen Mexikoko gizartearen erreakzioa?
Mexikoko gizarteak bolada luzez babestu zuen zapatisten borroka, eta horrek begiak irekitzea ahalbidetu zuen. Gizartea zoratua zegoen 'indio' koloniei egiten zitzaien mespretxuengatik.
Zapatismoak herrialde osoa astindu zuen, eta ordutik, gobernu guztiek, izan federalak, estatu mailakoak edo munizipalak, 'intentsitate baxuko gerra' jarri dute martxan zapatisten lurraldeen kontra. Desgastearen gerra bezala ere ezagutzen da. Mexikok dituen kritiko guztien artean, gobernarientzat zapatistak dira arriskutsuenak. Eta hori, boteretik begiratuta, kriminalitateak ondoriorik ez duen herrialde batean. Lotsagarria da kide zapatistek egunero bizi duten egoera.
Ez dut aipatu gabe utzi nahi, zapatisten guneetan ez dagoela feminizidiorik ezta narkorik ere. Pentsa zer den hori Mexiko bezalako herri batean!
Gaurko hitzaldian zapatismoak feminismoari egindako ekarpenak kontatuko dizkiguzu. Aurretik, zertan oinarritzen da feminismo zapatista?
Hasteko, biren artean egindako borroka dela uste dut. Ezin da iraultzarik egin gizonik gabe, emakumeekin bakarrik; ezta ere borroka generoarena edo feminismoarena denean. Gure komunitateetan dauden ohitura maskulinoekin etengabe negoziatu behar da. Etengabe esaten dute hori, eta izaera berezi bat ematen dio horrek beraien praktika feministari. Kontuan izan, zapatismoaren ikuspuntutik, praktika feminista terminoa erabiltzen dudala eta ez feminismoa. Ez dute feminista deitzerik nahi, nahiz eta etengabe borrokatzen duten beraien lekua eta duintasunaren alde, eta beraien komunitatean autoritate gisa parte hartzeko.
Antzik ikusten al diozu hango eta hemengo borrokari?
Antzekotasun asko daude: umeen zaintza, etxeko lanak konpartitzea, autoritate postuetara sarbidea izatea... Beste arlo batzuetan, ordea, badaude ezberdintasunak: naturarekin edo lurrarekin duten erlazioan, esaterako. Erritualak eta sinesmenak dituzte, lurrarekin erlazio zuzena dutenak. Publikoa eta pribatua dena ere, ez dute bereizten; eta hau da beraien teoria feministaren ardatzetako bat. Ez da azaltzeko erraza, baina gaur azalduko dut.
Eta zein da zapatismoak egin dezakeen ekarpena?
Nire ustez, batez ere emakume zapatistek beraien eskubideak defendatzeko duten jarrera. Inspirazio iturri bat izan da, teoria feminista deskolonizaturako bidean. Zapatisten praktikak aztertzen dira bertan, aurrera pausuak, reformulazioak...
Nola ikusten duzu etorkizun hurbila?
Ikasteko eta bilatzeko asko dugu. Kolektibo anarko feminista bat sortu berri dugu Cuernavacan, nire hirian. Aurreneko deialdiak aurreikuspen guztiak hautsi zituen: emakume asko gerturatu ziren, kezka askorekin. Mas allá del feminismo izena du argitaratu dugun azken liburuak, eta kezka horietako batzuk bertan biltzen dira. Etorkizunean gure arbasoen ikuspuntura gerturatzea gustatuko litzaiguke: Abya Yalara; hauek feminismoa ikusteko beste modu bat dute. Zapatistek deitu diote: 'beste feminismoa'. Beste mundu bat posible dela diote.