«Inoiz inork egin ez dituen eskiak egin nahi ditut»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 19a, 01:00

ANARTZ BILBAO LOYOLA

Herri sarrerako Renault tailerraren ondoan duen lantoki txikian, adeitsu hartu gaitu artisauak, galdera bat eginez: «Eskiatzen duzu?». Aurki konturatuko gara kirol hori duela pasio, eskiak fabrikatzeko prozesua azaltzerakoan begiak pizten zaizkiola ikusita. Grabagailua piztu baino lehen hara eta hona erabili gaitu anaiarekin partekatzen duen tailerrean -bakoitzak bere aldea du, eta hark makina bereziak egiten ditu-, «zertaz hitz egiten dugun uler dezazun». Eta ez pentsa erraza denik, begien aurrean elaborazio prozesu zehatz eta nekeza dugu-eta; maldan behera egur xafletatik abiatu eta helmuga zeharkatzerako karbono-zun­tzezko eskiak lortzeraino.

«Eskiak egitea ez da oso zaila ere,
baina ondo egin nahi izatekotan gauza asko hartu behar dira kontutan.
Ondo eutsi, egonkorrak eta maneiagarriak izateko zaindu egin
behar dira, orekatu, estutu, zorroztu...».


Gurutz Corettik ondo gogoratzen du noiz egin zuen lehenengo eski parea: «neuretzat egin nituen, 2010 urtea bueltan. Txikitatik izan dut eskia­tzeko irrika. Italian ikasi nuen, hangoxea baitut familia; lagunekin Candanchura joan izan naiz gero; Seat 600 batean egun bakarrean joan-etorria egindakoa naiz; mendizaleak ere baginenez, kanpin-dendan lo egiten genuen; haiek ziren garaiak haiek!».
«Emazteari ere eskiatzea asko gustatzen zaionez, furgoneta erosi genuen ondoren, baita apartamentutxoa ere, eta harrezkero astebururoko plana dugu urtero bost hilabeteko denboraldian» aitortu du Corettik. Seme-alabekin ere ez da apurtu ez ohitura, hauek ere elur zaleak baitira: «eski txapelketetan ibilitakoak dira biak, eta egun eski eskolan irakasle; beraiek dira nire eskiak probatzen dituztenak». Ez baitago eski monitore bati eski berriak probatzea baino gehiago gustatzen zaion ezer, Corettik azaldu digunez.
Lanbideari dagokionean, Corettik dio, bi momentu oso diferente bizitu zituela. Hala, mimo handiz egiten zituen es­kiek geroz eta laudorio gehiago ja­sotzen zituzten heinean, au­rretik zuen lanbidea gogor as­tin­du zuela krisiak: «eta mun­du industriala atzean utzita nire zaletasuna ogibide egitea erabaki nuen». Azken lauzpabost urtetan horretan dabil.

Puntako teknologia
Eskiak punta-puntako teknologiarekin egiten ditu Corettik: «nik egiten ditudanak artisau-eskiak dira, baina ez dut egiten lan arkatz eta zerra batekin. Di­seinua ordenagailuz egiten da, fresatu kontrol numerikoz, moldeaketa hutsean... prozesu bakoitzerako dagoen teknologiarik puntakoena erabiltzen dut».

«Eski pare bat bukatzen dudanerako badakit zein den hurrengo parea hobetzeko eman beharreko pausoa. Etengabe zerbait hobetzen saiatzen naiz, eta bide luzea dut aurretik, garapenerako aukera itzela baitu honek».


Eskiak egiten hasi baino lehen, urteak eman zituen Corettik informazioa bildu eta pentsatzen: «Interneten oinarrizko informazioa duzu, baina hortik aurrera, asko pentsatu eta logika erabiliz, ideia bat garatu behar duzu». Horrela, frogatu ahal izan du, esaterako, astigarra egur gogorra dela, urkiarekin nahasteko aproposa: «eskiek bibrazioa handia izatea komeni da, baita bibrazio hori bizkor bukatzea ere; horretarako nahasten ditut dentsitate ezberdineko oholak». Banbu, paulownia eta lizarra ere erabiltzen ditu, pisuaren, elastikotasunaren edo erreaktibotasunaren arabera. Eta makina propio bat sortzera ere iritsi da, karbonoa kantitate txikietan tratatu ahal izateko; horretan dago Coretti artisau-eskien gakoa. Izan ere, gizonak eskarmentu handia du mundu industrialean; azalera-trataeran, prototipogintzan, estanpazioan, silikona moldegintzan eta burdinategian egin izan baitu lan.
Gurutz Corettiren eski pare batek 1.300-2.000 euro inguru balio ditu: «Europan zehar mer­katuratzeko merkeegiak dira eta gainera pack osoa sortu beharko nuke, makilak, botak, kaskoak... Baina Euskal Herrian ez dago oraindik orain horrelako eskiak erosteko ohiturarik; nahiz ete bizikleta batean bikoitza ordaintzeko prest direnak asko izan».
Beraz, berak egindako eskiak zein bezero tipori zuzenduak diren galdetuta, hau da erantzuan: «bi motatakoak daude. Europan, Suitzan eta Austrian dago bata, ez hemen. Eskiatzea maite duten kirolariak dira, eta beren beregi egindako eskiak nahi dituzte, norberaren ezaugarriak kontutan hartuta egindakoak. Beste bezero mota luxuzko eskien zalea da, nabarmendu nahi izaten duena, besteengandik bereizi. Bigarren hauen kasuan, badira Europan zehar bidaiatu eta beraientzat propio egindako eskiak nahi dituztela esaten dutenak». Gurean, mota bateko edo besteko bezeroak egoteko, komenigarria li­tzateke eski-artisau gehiago egotea. Coretti da da Estatuko bakarra: «konpetentzia izanagatik ere, bakarra ez naizela erakusteko».
Orain arteko bezeroen artean ezagunen bat duen galdetuta, Madrileko goi-gizarteko kideen medikua den bat aipatu digu, «baina ez dakit bere izena esatea gustatuko litzaiokeen». Bere eskiak, eta semearenak, ikusteko aukera izan dugu, bakoitzaren sinadura, `piper-poto´ eta guzti. Estetika aldetik ere bezeroak agintzen du hemen!
Detaile txikiak gora-behera, izugarri ederrak iruditu zaizkigu eskiak, eta hala jakinarazi diogu Corettiri. «Akaberak egitea ere asko gustatzen zait. Agian nire italiar odolarengatik izango da!», bota digu berak.

«Eskiatzeko bi modu daude,
derrapatzen edo eski ertzekin. Bigarrenean, ertzekin bi marratxo egiten dituzunean elurretan, errail gainean joango bazina bezala zoaz aurrera, oso sentsazio atsegina da, gozoa».

Elur gogorrari ondo eutsi
Lanari dagokionez oraindik martxa hartzen dagoela aitortu digu; 150 pare eski inguru egin ditu momentuz, eta errepikatu duenik ere ba omen da, «sei­nale ona» dio berak.
Astigarragan egoitza duen artisauak piztu du jakin-mina aurretik ere. Kronikan baino lehen, luxua ardatz duten aldizkarietan eman izan dute Coretti Skiren berri, eta sariren bat ere jaso izan du, enpresa ekintzaile modura.
Prezioaz haratago, fabrikako eski batzuetatik artisau-eskietara alde ederra omen dago, Corettiri kasu eginez gero:  «artisau-eskien portaera erabat ezberdina da, eta beraz baita kirolariaren sentsazioa ere. Eski onak pisutsuak izan ohi dira, eta nireak izugarri arinak. Egia esan, hasieran jendea harritu eta beldurrez jaisten da, izoztutako elur gainean ondo erantzuten dutela frogatu eta eusten dutela ikusi arte». Aparte, bakoitzaren pisu, oinaren neurri eta beharrizanaren arabera egiten dira, ezaugarri guztiak kontutan hartuta: «gazte kementsuari gustatuko zaio eskiarekin bihurguneetatik airean ateratzea, eta nagusiagoak ez du nahiko erreaktibotasun handiko eskia...».
Gurutz Corettiren helburua ahalik eta emaitzarik hoberena lortzea da:  eski hobea egin ahal izango banu, egingo nuke, balio duenari erreparatu gabe. Izan ere, errendimendu gorena bilatzen dut, inoiz inork egin duen eskirik bikainena».
Ilusio bat ere badu: «nire ilusioa da nire eskiak frogatzen dituen eskiatzaile eskarmentudunak esatea inoiz erabili dituen bikainenak direla; eta bateren batek esan dit. Ze poza!».
Lagun batekin hamaiketakoa egitera zijoala-eta, Gurutz Coretti tailerreko atarian agurtu dugunerako, geuri ere piztu zaigu, dagoeneko, eskiatzeko gogoa.

 

Dolomita mendilerrotik Kontxako badiara

Gurutz Coretti Donostian jaioa da, jatorri italiarreko familia batean: «aitona Trento ondoko herrixka batekoa nuen -diosku artisauak- Dolomita Alpeen magalean dagoena». Eski artisautzarekin bertara itzuli da, fisikoki ez bada ere.

Elurrarekin aspaldiko harremana duzue corettitarrek, ezta?
Aitonak egiten zituen eskiak, gaztea zela. Sasoi haietan, gerra garaian, ez zegoen eskiak erosterik, norberak egin behar zituen beti: udaberrian basoan zuhaitz bat moztu, taulak prestatu eta egurra okertu, ur berotan sartu... eta neguan loturak jarrita bukatu. Oso eskasak ziren, denboraldia bukatzerako okerdura galdu eta berriro lau-lau zeudenak. Beraz, urtero egiten zituzten.

Aitona arotza izan zenuen Trenton, eta aita mekanikari Donostian
Aitonak aroztegia zuenez, gure aitak ere egin behar izaten zituen lagunentzako eskiak, baina berari ez zitzaion eskia­tzea gustatzen. Berak, hemen gurdiak bezala han garraiorako erabiltzen ziren lerak zituen nahiago, izugarri maite zituen. Gero, Donostiara etorri eta, mekanika gustukoa zuenez, tailer bat jarri zuen. Berea zen Alde Zaharreko Vespa motorren tailer ofiziala... eta motozale lasterketetan ere parte hartu zuen, pentsa!

Eskiatzea familiako tradizioa dela esango zenuke?
Ni Donostian jaioa naiz, eta aitari entzuna nion arren gure aitona eskiak egindakoa zela, nik ez nion zaletasun hori ezagutu. Baina eskiatzeko irrika txiki-txikitatik izan dut beti; horrela esaten dit amak, oinpean edozein jostailu edo ohol jarrita ibiltzen nintzela. Eta baliabiderik ez genuenez, mutil koskorra nintzela `txapakumenez´ egindako batzuekin belartzan behera ere ibili izan nintzen (ja, ja, ja).

Italiakoak dituzu eski gaineko lehen oroitzapenak
Nik benetan eskiatu nahi nuen, eta Italiara egin genuen bidaietako batean sortu zitzaidan aukera, Gabon bueltan. Familiako lagun batek, ea elurretara joan nahi nuen galdetu zidan: «nahi duzu gurekin eskiatu?». Nik 16 urte inguru izango nituen, eta pozez zora­tzen nengoen. Ametsa bete nuen, hura zen gozamena! Gero eski eta bota zahar batzuk oparitu zizkidaten eta... gaur arte.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!