Txirrindulari astigartarrek ez dute atsedenerako tarterik, eta beste hiru zita izango dituzte asteburuan.
Gaur, 16:00etan, kadeteek Beasaingo XXXIV Usurbe Sarietan hartuko dute parte; 50km egin beharko dituzte, Olaberriatik pasata. Arratsaldeko 16:30etan, berriz, alebin eta infantilak Oreretako Sarian izango dira, Fanderia inguruan. Eta juniorrek bihar hartuko dute parte, 16:30etan hasita, Errenteriako XXXIII Sarian; lau aldiz igo beharko dute Gaintxurizketa.
Astigartarrak bikain,
bakarka eta taldean
Lehengo asteburuan ere erakustaldi bikaina egin zuten txirrindulari astigartarrek. Infantil eta alebinen Hondarribiako proba bertan behera geratu zen eguraldi txarra zela eta.
Baina Ibaetako Sarian bikain aritu ziren Tomas Otermin eta Telmo Semperena: Aitor Larrañaga taldeko kideari bigarren postua lortzen lagundu zioten; Semperenak seigarren egin zuen, eta Oterminek, 21garren.
Juniorretan, berriz, Urko Semperena 85 txirrindulariren artean 19garrena izan zen Eibarko Udaberri Sarian.