Erditzeari buruzko hitzaldia emango duzue gaur, zein helbururekin?
Etxean erditzeko aukera ezagutaraztea du helburu gaurko hitzaldiak. Hernaniko emakume haurdunek erditzeko daukaten beste aukera bat da, ospitalekoaz aparte, baina oraindik ezezaguna dena. Azterketa zientifikoek argitu dute aukera bat bestea bezain segurua dela, baina oraindik ezjakintasun haundia dago eta, ondorioz, beldur haundia.
Erditze naturalaren alde egin duen Gipuzkoako lehenengo enpresa osatzen duzuen bi neska zarete. Nolatan sortu zenuten?
Bakoitzak bere bidea egin du, duela urtebete baino gehiago topo egin genuen arte. Ikastaro batean kointziditu genuen, eta lanerako batu ginen etxean lan egiten gusturago sentitzen ginela eta erditzearen prozesuari buruzko gure pentsakerek bat egiten zutela jakitean. Gainera, ikusi genuen aukera honen aldeko eskaria gero eta haundiagoa zela, eta beharra zegoela hori jakitera emateko eta aldarrikatzeko ospitaleko aukera bezain balioduna dela.
Gure ametsa egi bihurtzeko eta Euskal Herrian aukera erreala izateko, sistemaren barruan emagin bezala genuen lan egonkorra uztea eta piszinara salto egitea erabaki genuen. Eta horrela jaio zen Magale.
Zuen ustez, zein onura ditu erditze naturalak?
Osasunezko emakume baten bizitza sexualeko beste fase bat bezala ikusten dugu haurdunaldiaren, erditzearen eta erditze ondorengo prozesua. Uste dugu gure gorputzak erditu ahal izateko ezinhobeto diseinatuta daudela. Horretarako, garrantzitsua da gorputzari bere erritmoa jarraitzen uztea. Erditzea modu arinenean garatu ahal izateko, garrantzitsua da emakumea lasai eta eroso sentitzea, giro goxoan; eta hori emakume batzuek etxean lortzen dute errazago, baina ez denek.
Erditze naturalari esker emakumea bere erditzearen prozesuaz kontziente izan daiteke. Gainera, erditzearen ondorengo sendatzea azkarragoa da.
Ez dugu uste erditze naturalak onurak dituenik, erditzea bera naturala dela uste baitugu.
Europako beste zenbait herrialdetan etxean erditzea osasun publikoak eskaintzen du. Zein da EAEko egoera?
Gaur egun Euskal Herrian etxean erditzea aukera pribatua da, hau da, hala erditu nahi duten familiek ordaindu egin behar dute. Era berean, badaude emagin taldeak etxeko erditzeetan laguntza eskaintzen dutenak, baina, normalean, gizarte segurantzako lanarekin konbinatuz. Hala ere, emagin kopurua oso bajua da, eta eskaria eskaintza baino altuagoa izaten da, askotan. Modu esklusiboan horretara dedikatzen den aurreneko proiektua da Magale.
2013an argitaratutako azkeneko datuen arabera, batezbeste 60 erditze egiten dira urtean hemengo etxeetan. Hala ere, badirudi gero eta gehiago eskatzen den aukera dela eta Euskal Herrian etxeko erditzeen kopurua igotzen ari dela.
Zer eskatuko zeniokete osasun publikoari erditzeen gaiaren harira?
Osakidetzak etxeko erditzeak beste aukera bat bezala eskaintzea, izan ere, emakume orok eskubidea izan beharko luke erabakitzeko non, nola eta norekin erditu nahi duen. Erditzeetako protagonistak emakumeak, haien bikoteak, baldin badaude, eta haurrak dira, eta profesionalok beraien eskarietara moldatu beharko ginateke.
Zuengana jotzen duten familien artean antzekotasunik ba al dago?
Etxeko erditzea aukera transbersala da, eta era guztietako jendea hartzen du bere baitan: futbolarietatik, gaztagileetara. Batzuetan uste da ‘hippiek’ bakarrik erditzen dutela etxean, baina errealitatea ideia honetatik oso urrun dago.
Zein kasutan gomendatzen duzue erditze naturala eta zeinetan ez?
Erditze naturala (edo eskuhartzerik gabekoa) era guztietako emakumeek izan dezakete, betiere, arrisku faktorerik gabekoak.
Ospitalean ere erditzea naturala izan daiteke. Baina etxean izateko zenbait baldintza bete behar dira: haurdunaldian zehar zailtasunik ez edukitzea, haurra buruz kokatuta egotea, haur bakarra edukitzea, eta erditzea haurdunaldiaren 37 eta 42garren astean izatea.
Zalantzetan dagoen familiari, zer gomendatuko zeniokete?
Gure gomendioa da familiak irakurtzea, informazioa eskuratzea, galdetzea eta datu guztiak jasotzean, beraien beharren arabera moldatzen dena aukeratzea.