Emakumeen Nazioarteko Eguna ospakizun eta aldarrikapen eguna izango da bailara osoan. Han eta hemen, ekitaldi ugari antolatu dituzte martxoaren 8aren bueltan. Kalejirak, hitzaldiak, aurkezpenak, antzezlanak, tailerrak... eta beste hainbat ekitaldi izango dira, eta guztiek helburu bera izango dute ardatz: emakumeen eskubideen alde borroka egitea. Bailaran asko dira egunero-egunero hauen alde etengabe lanean ari diren erakundeak, taldeak eta eragileak. Eta martxoaren 8aren bueltan, herritarrak ere animatu nahi izan dituzte parte hartzera.
Autodefentsa feminista ikastaroa gaur, beste hainbat ekitaldiren artean
Hilabete osoko egitaraua antolatu dute Hernanin, herriko talde, eragile eta Udalak. Gaur Autodefentsa Feminista ikastaroa emango dute Biteri kultur etxean, goizeko 09:30etan hasita.
Martxoaren 8an, egun haundian, Institutuan izango da aurreneko ekimena. Liletak taldeak antolatuta, argazkia aterako dute eta egun osoan zehar ekintza ezberdinak egingo dituzte. Arratsaldean berriz, Marijira egingo dute herrian barrena, Hernaniko koordinadora feministak antolatuta; Plaza Berritik abiatuko dira, 19:00etan.
Antzerkia ere, izango da egun honen bueltan; izan ere, martxoaren 9an, Sex o no sex antzezlana eskainiko du Virginia Imaz Quijerak, Oihulari Klown taldeko kideak. Biterin izango da, gaztelaniaz; Berdintasun Kontseiluak eta Udalak antolatu dute.
Eztabaida feminismorako zapatismoaren ekarpenak hitzaldia da, aurtengo egitarauko beste ekitaldi nagusietako bat. Zapatismoak egindako ekarpenaz ariko da Sylvia Marcos, ostegunean. Hizlari mexikarra, feminista dekoloniala da, eta urte asko daramazki mugimendu zapatistaren parte izaten. Itziar Gandarias, Ana Murcia eta Saioa Iraola izango dira beste bi hizlariak. Biterin izango da, 18:30etan; Lumaltik GKE eta Hernaniko Udalak antolatu dute.
Musikak ere badu tartea hilabete honetako egitarauan. Martxoaren 12an La furia taldeaz gozatzeko aukera izango da Tilosetan. 19:30etan hasiko da kontzertua, Berdintasun Kontseiluak eta Udalak antolatuta.
Sagar moreen festak ere, segida izango du aurten. «Gauak eta kaleak gureak direla aldarrikatzeko, bizitzeko eta gozatzeko festa!» izango dutela azaldu dute. Gaztetxean jarri dute hitzordua, 21:30etan, Sutu Hernanik eta Bilgune Feministak.
Azken ekitaldiak zinearekin izango du lotura zuzena: Zinegoak, gaylesbotrans eta arte eszenikoak jaialdia antolatu dute martxoaren 17an. Biterin izango da, iluntzeko 19:00etan hasita; Berdintasun Kontseiluak eta Udalak antolatu dute.
‘Eztabaida feminismorako zapatismoaren ekarpenak’ hitzaldian, Sylvia Marcos izango da hizlarietako bat. Feminista dekoloniala da Marcos, eta urte asko daramazki mugimendu zapatistaren parte izaten».
Astigarragan, egun osoko egitaraua
Astigartarrek martxoaren 8aren bueltan izango dute, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko tartea. Nobedade gisa, Udalak hirusta haziak banatuko dizkiete emakumeei, egun osoan zehar. Azaldu dutenez, ekintza berria izango da. Banaketa herriko gune ezberdinetan egingo dute, eta ordutegi zabala izango du, asmoa baita, ahalik eta emakume gehienek jasotzea hirusta: «Udalak Astigarragako emakume guztiak omendu nahi ditu». Goizeko 08:45-09:15 ordutegian eta arratsaldeko 16:30etan zinegotziek banatuko dute Foru Plazan, neska-mutilek herri eskolara egingo duten sartu-irtena aprobetxatuz. Eguerdian berriz, Udal taldea herrian zehar ibiliko da banaketa eginez: Joseba Barandiaran Plazan izango da, eta Harituz elkarteak antolatutako beste ekitaldiarekin bat egingo dute. Arrobitxulora eta Ergobiara ere gerturatuko dira.
Bestalde, goizeko 09:30etan, Benetako izarrei begira ekimena antolatu dute. Emakume zientzialarien inguruko saioa eta karta jokoa izango dira, Elhuyarren eskutik. 11 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango da, eta ikastolako aretoan egingo dute, Udaleko Hezkuntza Sailak antolatuta.
Harituzek antolatutako bi ekitaldi ere izango dira martxoaren 8an. Gogoratu dute, hausnarketarako eta oroitzapenerako ekitaldiak izango direla, eta baita ere, agerian uzteko emakumeek bizi duten diskriminazioa.
Ekitaldi horietako bat eguerdi partean izango da, 11:00ak eta 13:00ak bitartean. Puntuzko lepokoa egiteko hitzordua jarri du Harituzek. Joseba Barandiaran Plazan izango da, eta Matazak indarkeria sexistaren kontra egitasmoaren barruan dago. Harituzek antolatu du, eta asmoa da, dozenaka metro dituen bufandari, zati gehiago eranstea.
Mandalak egiteko tailer irekia ere antolatu dute Kultur etxean. Karmele Garmendia izango da gidaria, eta adin guztietako astigartarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Eguneko azken ekitaldian, aldarrikapenak eta umoreak tandem ona osatu dezaketela erakutsi du Maria La Vikingak. Umorezko bakarrizketa antolatu dute kultur etxean. Komiko eta antzezle ezaguna da La Vikinga, Aida telesaian Juncal gisa egin zen ezaguna. Gaztelaniaz izango da, debalde, 18:00etatik aurrera.
Bailarako herritar guztiei bihar Donostian izango den Lilatoian parte hartzeko deia luzatu diete. Goizeko 10:00etan aterako da lasterketa Boulevardetik, eta 5 kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek. Bailaran, herritar asko taldeka,elkarrekin aritu dira entrenatzen.
Liburu aurkezpena, Ereñotzun
Ereñotzun egun bat aurreratu, eta martxoaren 7an antolatu dute ekitaldia. Emakume hernaniarrak plazara liburua aurkeztuko dute, iluntzeko 19:00etan, Ludotekan. Emakume langileak iruditan biltzen ditu liburuak, 1936-1975 urte bitarteko irudiak hain zuzen ere. Frankismo garaian Hernaniko emakumeek egin dituzten lanen lagin bat da, Ikerketa antropologiko baten emaitza alegia.
Aranon, proiekzioa
Aranoarrak ere, Emakumeen Eguna ospatzera elkartuko dira. Kasu honetan martxoaren 10ean izango da. Coria eta itsasoa pelikula proiektatuko dute 18:00etan, Ganbaran. Genero ikuspuntutik abiatuta, pelikulak kontatzen du Saharar Errefuxiatuen kanpamenduetan emakumeek aurrera daramakiten borroka bikoitza. Emakume borrokalari, saiatu, sentikor, nostalgiko, itxaropentsu, ausart eta parte-hartzaile batzuen istorioa da.
Goizuetan hiru egunetako egitaraua
Coria eta itsasoa pelikula ere ikusgai izango dute goizuetarrak, bihar. 17:30etan, jarriko dute, Udaleko ganbaran.
Emakume Langilearen Nazioarteko egunean bertan, martxoaren 8an, emakumeen afaria antolatu dute Umore Ona elkartean, 21:00etan.
Azkenik, apirilaren 9an, helduentzako ipuin erotikoak kontatuko ditu Ines Bengoak. Hotzikara, ipuin erotikoak izena du emanaldiak, eta iluntzeko 19:00etan izango da, Umore Ona elkartean
Lilatoian parte hartzeko deia, herri guztietan
Bihar milaka emakume aterako dira Donostiako Lilatoian. Lasterketa goizeko 10:00etan aterako da Boulevardetik, eta 5 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Bailarako herri guztiek egin diete deia emakumeei, parte hartzeko. Herri hauetan taldeak ere sortu dira, eta azken asteetan elkarrekin entrenatzen aritu dira. Hernaniarrek 09:30etan egin dute zita, Boulevardeko erlojuan, taldeko argazkia ateratzeko.
EGITARAUA
Hernani
MARTXOAK 5
Tailerra: Autodefentsa feminista
Lekua: Biteri kultur etxea
Ordua: 09:30
Hizkuntza: euskera
Antolatzailea:
Bilgune Feminista
MARTXOAK 8
Argazkia eta ekintza ezberdinak
egunean zehar
Lekua: Hernani institutua
Antolatzailea: Liletak
Marijira
Lekua: Plaza Berrin
Ordua: 19:00
Antolatzailea: Hernaniko Koordinadora Feminista
MARTXOAK 9
Antzerkia: ‘Sex o no sex’
(Virgina Imaz Quijera, Ohulari Klown)
Lekua: Biteri kultur etxea
Ordua: 19:30
Hizkuntza: gaztelania
Antolatzailea: Berdintasun Kontseilua
eta Udala.
MARTXOAK 10
Jardunaldia: Eztabaida feminismorako
ekarpenak
Lekua: Biteri kultur etxea
Ordua: 18:30
Hizkuntza: Elebitan (itzulpen zerbitzua
izango da)
Antolatzailea: Lumaltik GKE
eta Udala
MARTXOAK 12
Kontzertua: La Furia
Lekua: Tilosetan
Ordua: 19:30
Antolatzailea: Berdintasun Kontseilua
eta Udala.
Sagar moreen festa
Lekua: Gaztetxea
Ordua: 21:30
Antolatzailea: Sutu Hernani eta Bilgune Feminista.
MARTXOAK 17
Jaialdia: Zinegoak, gaylesbotrans zinema
eta arte eszenikoak
Lekua: Biteri kultur etxea
Ordua: 19:00
Antolatzailea: Berdintasun Kontseilua
eta Udala.
Astigarraga
MARTXOAK 8
Emakumeentzako hirustak opari
Lekua: Foru Plazan eta eguerdian herriko hainbat tokitan
Ordua: 09:00-16:30
Antolatzailea: Udalbatza
Benetako izarrei begira
Lekua: Ikastolako aretoan
Ordua: 09:30
Antolatzailea: Udaleko hezkuntza saila
Puntuzko lepokoa egitea
Lekua: Joseba Barandiaran Plazan
Ordua: 11:00-13:00
Antolatzailea: Harituz elkartea
Mandala tailer irekia
Lekua: Kultur etxean
Ordua: 16:00
Antolatzailea: Harituz elkartea
Umorezko bakarrizketa
Lekua: Kultur etxean
Ordua: 18:00
Hizkuntza: gaztelania
MARTXOAK 15
`Dos días, una noche’ pelikula
Lekua: Kultur etxean
Ordua: 18:00
Antolatzailea: Harituz elkartea
Goizueta
MARTXOAK 6
‘Coria eta itsasoa’ pelikula
Lekua: Udaleko ganbaran
Ordua: 17:30
MARTXOAK 8
Emakumeen afaria
Lekua: Umore On
Ordua: 21:00
APIRILAK 9
Ipuin erotikoak
Lekua: Umore ona elkartean
Ordua: 19:00
Arano
MARTXOAK 10
‘Coria eta itsasoa’ pelikula
Lekua: Udaleko ganbaran
Ordua: 18:00
Ereñotzu
MARTXOAK 7
‘Emakume hernaniarrak plazara’
aurkezpena
Lekua: Ludotekan
Ordua: 19:00
Antolatzailea: Auzo Udala