Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan, Ibaitik badiara jardunaldiak burutuko dituzte, Urumea ibaiaren inguruko herrietan. Eta Goizuetan, hiru ekintza izanen dira.
Bioingeniaritza tailerra eginen dute datorren astelehenetik ostiralera, langabetuei eta formakuntzan dabiltzan gazteei zuzenduta, eta interesa duen edonori irekita. 25 ordukoa izanen da, eta udaletxean emanen dute. Egunero 09:00etatik 14:00etara izanen dira saioak.
Teknika biziak ikasgai, ibaiarekin lotuta
Ikastaroan, teknika jakin batzuen inguruko formazioa jasotzeko balioko du; hain zuzen ere, Urumea ibaiako proiektuetan erabili nahi direnak. Hortaz, baliagarria izan daiteke, gerora mota honetako obretan parte har dezaketen langileak prestatzeko: «teknika hauek, biziak izateaz gain, autoestimuan eta giza baloreetan hobekuntza dakarte», azaldu dute.
Fredy Reyren hitzaldia, asteazkenean
Otsailaren 24an, asteazkenean, izanen da bigarren jarduera. Hitzaldia emanen du Fredy Rey frantziarrak, baso ingeniaritzan doktorea denak. Udaletxeko ganbaran izanen da, 19:00etan.
Mendia eta ibaiaren arteko eralazioaz, eta hemengo berezitasunaz ariko da: «ibaia ez du bere ubideak bakarrik osatzen, bere arro hartzaile guztiek baizik. Sistema konplexua da, oreka delikatukoa eta elementu askorekin. Batzuetan elementu hauek gatazkan sartzen dira, eta garrantzitsua da ezagutzea nola funtzionatzen duten», dio Reyk.
Urumea ibaian zehar irteera, gaur zortzi
Datorren asteko azken ekintza, gaur zortzi izanen da, larunbatean. Irteera eginen dute Urumea ibaian zehar. Donostiatik abiatuko dira, Goizuetara etorri, eta Hernani eta Astigarragatik, Donostiara bueltatuko dira.
Modu ludikoan eginen dute, herritarrek ulertu ahal izateko, ibaia eta bere jokaera eta garrantzia. Geldialdi desberdinak eginez, hainbat ikuspegi landuko dira: hidraulikoa, geologikoa, historikoa, kulturala, arkitektonikoa eta ekologikoa.