Idazleak ikastetxeetan proiektuaren bueltan, Imanol Azkueren bisita jaso dute Herri Eskolan. Azkuek idatzitako Kea airean bezala liburua irakurri zuten aurrez guztiek elkarrekin; eta idazlearen biografia ere, landu zuten. Ondoren, pasa den asteazkenean, berarekin egoteko aukera izan zuten.
Azaldu dutenez, jakinmina ase nahian, hainbat galdera prestatu zituzten: «galderak prestatu genituen, bai biografiaren ingurukoak eta baita liburuaren bueltakoak ere. Zintzo-zintzo erantzun zituen guztiak, gure jakinmina asetuz: bere familiaren zuhaitz genealogikoa egin zigun; azaldu zuen liburua idazteko ideiak nondik ateratzen dituen; sari bat jasotzean sentitzen dena kontatu zigun... idazleen eta marrazkilariaren arteko harremanari buruz ere, hitz egin zigun; eta aholkuak ere, eman zizkigun».
«Eskerrik asko, Imanol»
Bertaratutako guztiei liburuak ere sinatu zizkien Azkuek: «a ze pagotxa! eskerrik asko Imanol zure arreta eta pazientziagatik. Bihotz-bihotzez, Astigarragako Herri Eskolako laugarren mailako ikasle eta irakasleak. Muxu haundi bana gu guztion partetik».