ASTEARTEAN jarriko da indarrean bide publikoetan ehiza-espezieak harrapatzeagatik egindako kalteen erantzukizuna ibilgailuaren gidariari egozten zaiola ezartzen duen araua.
Arau orokor berriaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du martxoaren 1etik aurrera, ezingo zaiela «kalte-ordainak eskatu ehiza-barrutiei edo Nafarroako Gobernuari berari, gaur egun gertatzen den moduan». Aldaketa honen jatorria Espainiako Trafiko Legean dago; zehazki, 6/2014 Legearen xedapen gehigarrian.
Administrazioa, erantzule
Orain arte, administrazioak bere gain hartu du horren erantzukizuna, eta berak ordaindu ditu horrelako kasuen gastuak, nahiz eta ehiza-barrutia pribatua izan.
Salbuespen bakarra zegoen: gidariak trafikoko arauak bete ez zituela egiaztatzen bazen, hau da, abiadura desegokian bazijoan, gida-baimenik gabe gidatzen ari bazen... Kasu horietan, gidaria zen erantzule.
Orain arte, administrazioa zen kalte-ordainen erantzulea.
Bi salbuespen
Asteartetik aurrera, aldiz, gidaria izango da erantzule bakarra, eta bi kasutan bakarrik geratuko da ordaintzeaz salbuetsita: bata, «ehiza larriko espezie baten taldekako ehiza-ekintza bat egitea egun berean edo hamabi ordu lehenago amaituta izatea», orduan lursailaren jabea izango da erantzulea.
Eta bestea, bideko titularrak bere gain hartu beharko duena, «itxiturako hesia epearen barnean konpondu ez izanaren ondorioz gertatzea edo, hala badagokio, ibilgailuen talkagatik istripu-maila haundiko zatietan animaliak aske daudela adierazteko seinaleak ez jartzeagatik».
Gobernuaren gomendioa
Aldaketa hauek direla eta, Nafarroako Gobernuak gomendatu du herritarrek beraien ibilgailuen aseguruak begiratzeko, eta honen aurrean, estaldura bermatzeko.
Hator Aholkularitzak, zenbait gomendio
Hernaniko Hator Aholkularitzak gomendatzen duena da «ehiza-esparruetatik gertu ibiliko direnek kotxeko asegurua hautatzerakoan, arrisku orotarakoa edo hirugarrenentzakoa arrisku zinegetikoak barne jarri dezaten». Hala ere, «lehenengo egin daitekeena da ehiza-barruti pribatuari atestatua jarri, momentuan bertan. Kalte-ordainak jabeak ordaindu ditzan».
Bi kasu zehatzek salbuetsiko dute gidaria erantzule izateaz.
Brintzako aholkulariak, gomendio berberak
Ildo beretik dijoaz Brintza Aholkularitzaren gomendioak: «Aseguruek, oinarrizko prestazioetan ez dituzte halako arriskuak kontuan hartzen. Orduan, guk orokorrean ehiztari guztiei arrisku zinegetikoak kubritzen dituen aseguruak gomendatzen dizkiegu. Kotxearen eta gidarien ezaugarrien arabera, arrisku orotarako asegurua, edo hirugarrenentzakoa, baina arrisku zenegetikoak bermatuta eskaintzen diegu».
Hala ere, azaldu dutenez: «aseguru-etxe guztiek ez dituzte arrisku hauek bere gain hartzen, beraz, hori berrikustea da onena».