Zein da gaur egun Hernaniko basoen eta landa eremuen egoera?
Bi planotan bereiziko nuke gaur egungo egoera. Alde batetik, administrazioak, udalak eta beste zenbait erakundek basoen zainketan eta sustapenean egiten duten lana goraipatzekoa da. Inguruko basoetako zuhaitz autoktonoak babesteko hartutako neurriak positiboki baloratzen ditut, eta baikorra izateko arrazoiak ematen dizkit. Baina, beste alde batetik, basoa etengabe ustiatzen duten enpresa indartsuen jardunak asko kezkatzen nau. Horiek mozketa azkarreko zuhaitzen landaketa sustatzen dute, ingurumenari egiten dion kaltea aintzat hartu gabe. Horren adibide da azken urteotan landatu den eukalipto mordoa.
Non daude herriko birika nagusiak?
Hernaniko baso eremu trinkoena Urdaburu eta Akola ingurutik hasita, Aranoko mugaraino iristen da. Zonalde berde zabala eta herriaren arnasgune nagusia da.
Zein izan da azken hamarkadetan basoek izan duten bilakaera? Zuhaitz gehiago daude ala gutxiago?
Harrigarria dirudien arren, orain lehen baino arbola gehiago daude. Arrazoia argia da: duela mende erdi landa eremua zabalagoa zen, larre-toki ugari zeuden, baita baserriak ere. Gaur egun, ordea, horietako asko desagertu egin dira edo desagertzeko bidean daude. Horrek zuhaitzaren emendatzea ekarri du.
Arbola espezie asko daude gure inguruan, baina horietako zein da ugariena?
Nik hiru geruza bereiziko nituzke. Lehenik eta behin, erreka bazterrean hazten diren espezieak, horien artean ohikoenak haltza eta lizarra dira. Bestetik, ibaitik gorago bizi direnen artean bertako haritza, gaztainondoa eta lizarra dira ugarienak. Eta azkenik, mendi gailurretan hazten direnak, oro har, pagoak eta arteak dira.
Munduan gertatzen den deforestazioa nabarmena da, eta munduko hainbat erakundek jada ohartarazi dute arazo horren inguruan. Gure lurraldean kezkatzeko arrazoiak ba al ditugu?
Munduko egoera larria dela ez da gauza berria. Multinazional handien interes ekonomikoak ingurumenaren osasunaren gainetik jartzen dira, eta horrek kalte handia eragiten die basoei. Gurera etorrita, esan beharra dago kezkatzeko motiboak badauzkagula. Izan ere, zenbait zuhaitz mota desagertzeko arriskuan daude, zumarra esaterako. Kinka larrian dagoen espeziea da. Horrez gain, gaztainondoaren egoera ere ez da samurra. Asiatik heldutako avispilla deritzon intsektu baten erasoak arbola horren ale kopuruan kalte handia eragin du. Gainera, azken bolada honetan beste zenbait gaitz ere jasan behar izan ditu, Txankroa, besteren artean.
Zuhaitz Egunean ehunka arbola landatuko dituzte Aparrain mendian. Zein iritzi duzu ekimen horri buruz?
Nire ustez oso interesgarria da, behar-beharrezkoa izateaz gain. Joxe Legarreta naturazale eta zinegotzi izandakoak eta beste hainbatek bultzatutako ekimena da. Biodibertsitatearen inguruko eztabaida mahi gainean jarri zuten. Orain dela hiru hamarkada, pinuaren nagusitasunaren aurrean, bertako zuhaitz mota ezberdinak babestu behar zirela aldarrikatu zuten. Gaur egun, horrelako iniziatibek jende asko kontzientziatzea lortu dute.
Eta zu landazaina izaki, nolakoa da zure egunerokotasuna? Zein da zehazki zure egitekoa?
Nire zeregin nagusia landa eremua zaintzea da, eta zentzu horretan, oso garrantzitsuak dira, bai sastrakak kentzea eta baita zuhaitz bakanketak egitea ere. Azken honen bidez, arbola ale osasuntsuen bizi espazioa babestea bilatzen dugu. Zenbait lekutan hazteko konpetentzia handia dago espezien artean, eta guk ale indartsuen biziraupena bermatzeaz arduratzen gara, hala nola, argi guneak sortuz.
Zein da, zure ustez, basoen osasuna sustatzeko herritarrok egin dezakegun ekarpena?
Guztiok gara natura. Zuhaitzak gure bizitzaren parte dira, zaindu eta maitatu egin behar ditugu. Bestalde, baso eremuak ez kutsatzea ere aintzat hartu beharko genuke. Gizakia ez baldin badoa naturarekin bat, hemen etorkizun beltza dago.