A3 Orain! taldea osatzen duten herritarrek prentsa oharra bidali dute Kronikara, autobus linea berreskuratzeko eskaera orriak sinatu dituzten herritarrei eskerrak emateko asmoz: «taldea osatzen dugunok, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu eskaera sinatzen ari zareten guztioi. A3 autobus linea berreskuratu nahi dugu, Astigarraga, ospitaleak, unibertsitateak eta Antiguo auzoa batzen zituen linea. Eskerrak eman nahi dizkiegu, baita ere, komertziante eta tabernariei, firmak biltzen laguntzen ari direlako».
«Udal talde guztiek herritarren iniziatiba babestea eskatzen dugu»
Oharrean gogoratu dute, plataforma hau ez dagoela inoren kontra: «eskatzen dugu, Udalean dauden talde politiko guztiek herritarren iniziatiba hau babestea. Helburua da, ahalik eta azkarren berreskuratzea A3 autobus linea. Herritar askoren onerako da linea hau, eta erabiltzaile potentzialak izan daitezkeen asko daude Astigarragan».
Eskaera sinatu dutenak geroz eta gehiago direla azaldu dute plataformako kideek, eta oraindik sinatu ez dutenei animatu diete, sinatzera.
Bestalde, gogoratu dute hurrengo bilera ostegunean egingo dutela: «martxoaren 3an elkartuko gara, Ikatza goian, arratsaldeko 19:00etan. Bilera irekia izango da».