Eh Bilduk DBHrako lurrak eskuratzeko eskaera egin dio Udalari; hala jakinarazi du Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Bertan azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak DBH eraiki ahal izateko lurrak behar ditu: «lur horiek Udalak eman behar dizkio derrigorrez, eta horretarako, Udalak lur horiek jabetzan eskuratu behar ditu».
«Onartu da aurreko legealdian egindako lanak balioa duela»
EH Bilduren esanetan, prozedura hau argitzeko asmotan, 2015eko abenduaren 9an, Udaleko aholkulari juridikoari txostena eskatu zion: «txostena eskuetan, abokatuak berretsi egin du EH Bilduk azaldutako posizioa. Beraz, gure poztasuna adierazi nahi dugu. Onartu da, aurreko legealdian egindako lanak, DBHren erronkarako erabateko balioa eta egokitasuna duela; 2011ko egoerari iraulia ematea lortu genuen».
«Udalak lurrak modu erraz batera eskuratu ditzake»
Oharrean azaldu dutenez, Udalak lurrak modu erraz batera eskuratu ditzake: «EAJk kontrakoa esan badu ere, Udalak lurrak modu erraz batean eskura ditzake. Gainera, Udalak eremu urbanistiko hori garatuz gero, lur jabeek Udalari doan eman beharreko lurra litzateke. Hortaz, baliteke Udalak lur horiengatik ordaindu beharrik ez izatea». EH Bilduk dionez, lurren jabetza eskuratuta, 4 urteren buruan eremua garatzen ez bada, Udalak lur horiengatik ordaindu beharko luke, baina bitartean ez: «kasu horretan eska dezakete lur jabeek desjabetze prozesuari ekiteko».
EH Bilduk egindako aldaketari esker, prozedura hau «erraza» dela azaldu dute oharrean: «EH Bilduk sustatutako Plan Orokorraren Aldaketa Puntualak ahalbidetu du. Horregatik, eskaera egin diogu Udalari, EH Bilduk aldatutako Plan Orokorrean azaltzen den moduan, DBHrako aurreikusteko 7.512 metroko karratuko lur eremua okupazio bidez eskuratzeko, eta erregistroan inskribatzeko».
Bestalde, lur horien balioaren tasazioa egiteko eskatu dutela ere azaldu dute: «beharrezkoa balitz, datozen lau urteetan lurrak erosteko diru funtsa sortzeko».
Azkenik, EH Bilduk dio, Udalari legozkela hiritartze lanak egitea: «zenbateko kostua izango lukeen kalkulatzeko eskatu diogu Udalari, aurretik aipatutako diru funtsari, kostu hau ere gehitzen joateko».