bigarren urtez Bota Bertsoa! egitasmoa antolatu dute elkarlanean Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak eta Iraulio Panttalone Bertso Eskolak. Asmoa da, historian zehar bertsolaritza eta sagardogintzaren artean egon den harreman estua berreskuratzea. Joan den urteko edizioa oso arrakastatsua izan zen, eta balorazio positibo horri bidea eginez, edizio berria antolatzea erabaki dute. Kasu honetan, gaia Ze krisi?! izango da. Lehiaketan parte hartzeko, gaiari erantzunez, bertso bat idatzi beharko dute sagardotegietara gerturatzen direnek. Martxoaren 28ra arte izango da parte hartzeko aukera.
Denetariko parte hartzaileak
Astigarragako, Hernaniko eta Urnietako hainbat sagardotegietan jarri dira kaxak. Bertan daude bertsoak idazteko paperak; eta kaxara bota aurretik, izen-abizenak eta harremanetarako telefono bat jartzea ezinbesteko baldintza dira. Edonork hartu dezake parte, adina edo jatorria kontuan izan gabe.
Opari asko, aurten ere
Bertsoak martxoaren 28ra bitartean bilduko dira, eta ondoren, Iraulio Panttalone Bertso Eskolako kideek erabakiko dituzte sarituak: sakonena, umoretsuena, poetikoena, morbosoena, originalena... Eta sarien artean, hainbat opari izango dira: hainbat kaxa sagardo, Aimar Olaizolaren kamixeta, Reala eta Real Madriden artekoa ikusteko bi sarrera...