Iritsi da urteko aurreneko lasterketa Hernanin, eta sagastiekin daukate zita korrikalariek, bihar. Goizeko 11:00etan abiatuko da Sagar Lasterra, Ibarluze poligonotik, eta bertara joateko, doako bi autobus aterako dira kiroldegitik, 10:10etan eta 10:30etan.
8,9 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, sagardotegi gehienak dauden harana zeharkatuz, Ave Maria parkean bukatzeko. Sari banaketa 12:00etan izango da.
Lau kategoria, eta aurreneko hirurei saria
Asteazkenean aurkeztu zuten lasterketa, udaletxean, Esti Aldeiturriaga kirol zinegotziak eta Josetxo Etxeberria lasterketaren koordinatzaileak: «16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, eta bakoitzak, bi opari jasoko ditu: kamixeta bana, eta herriko hainbat tabernatan pintxoa eta sagardoa bi euroan hartzeko balea, Berriak elkartearen ekimenez», aurreratu zuen Etxeberriak.
Jakinarazi zuen, bestalde, lau kategoria izango direla: seniorrak (16-35 urte) eta beteranoak (35etik gora), gizonezko zein emakumezkoetan: «kategoria bakoitzean, aurreneko hirurek jasoko dute saria».
Baina sariez gain, zozketak ere egingo dituzte: Hernaniko sagardotegietan bi lagunentzako otorduak, Turismo Sailaren pakete turistikoak...
«400 parte hartzaile izatea espero dugu»
Etxeberriak azaldu zuenez, bide onetik doa izenematea: «400 parte hartzaile izatea espero dugu, azken egunean ere ematen baitute izena hainbatek». Kirol zinegotziak, bere aldetik, gehitu zuen «nabarmen areagotu» dela emakumezkoen partehartzea.
Gogorarazi zuten, gainera, izenemateak zabalik daudela oraindik. Gaur da azken eguna interneten egiteko, www.kirolprobak.com web orrian; txip horia dutenek 9 euro, ez dutenek 11 euro. Eta bihar ere izango da aukera, 16 euroan.
«Sagardo garaia bizitzeko beste modu bat da»
Lasterketa zergatik antolatzen den ekarri zuen gogora Esti Aldeiturriagak: «txotx denboraldia dela eta sortutako ekimena da, eta sagardo garaia bizitzeko beste modu bat proposatu nahi dugu. Ez dugu soilik gastronomiarekin eta parrandarekin lotu nahi».