%28 merkeagoa izango da Haur Eskolako jangela

Kronika - Erredakzioa 2016ko ots. 25a, 01:00

Mozioak izan ziren protagonista, asteartean Hernaniko Udalak egin zuen Plenoan. Aur­keztu ziren lau mozioak onar­tu ziren: TTIParen zein erraustegiaren kontrakoa, Saharar Erre­publika Arabiar Demo­kra­tikoaren aldekoa, eta martxoaren 8aren ingurukoa.
Mozioen aurretik, hala ere, beste zenbait kontu eztabaidatu zituzten Plenoan. Aurrena, 2015eko aurrekontuaren exekuzioari buruzko informazioa eman zuen Isa Sanchez ogasun zinegotziak, eta zehaztu zuen, 30.492.520 eurokoa izan zela aurrekontu definitiboa. Modu berean, azaldu zuen urte bukaeran 8.660.000 euroko saldoa zuela Udalaren altxortegiak, «izango dituen gastuei aurre egiteko nahikoa».

Uraren tasan, salbuespena
Ondoren, uraren tasaren orde­nantzan aldaketa bat egitea onartu zuten aho batez. Horrela, uraren azpiegituran matxura edo fugaren bat gertatzen denean, tasa bajuena aplikatuko zaio kaltetuari, epe bat emanez hori konpontzeko.
Aho batez onartu zuten, baita ere, bere horretan mantentzea zerbitzu publikoak ema­­­teagatiko tasak, Hernani eta Kantuz musika eskolenak, kul­tura arloko ikastaroenak, Udal Euskaltegiarenak eta kirol­degiko zerbitzuenak. Ja­be­tze Eskolen prezio publikoak mantentzea ere onartu zu­ten.

Haur Eskolako jangela indartzeko, prezioak jaitsi
Aldatu egingo direnak, Haur Es­kolako jangelaren prezio publikoak dira. Zerbitzuak behera egin duela azaldu zuen Esti Aldeiturriaga zinegotziak, eta berriro indartu nahian, proposatu zuten %28 jaistea; hilean, 102 eurotik 73 eurora jaitsiko da. Hobariak, berriz, mantendu egingo dituzte, eta nabarmendu dute, zerbitzu guztia bertako produktuekin ematen dela jangelan. Aho batez onartu zen aldaketa.

Onartu egin ziren, plenoan aurkeztutako lau mozioak: TTIParen eta erraustegiaren kontrakoak, SEADaren aldekoa eta martxoak 8aren ingurukoa.

Lau mozioak onartuta, eta interneten ikusgai
Ondoren, lau mozioei heldu zieten, eta baita laurak onartu ere. Ikusgai daude testu osoak, www.kronika.eus web orrian.
TTIParen kontrako mozioa izan zen aurkeztu zuten au­rre­nekoa; Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transa­tlan­tikoaren kontrakoa.
Aho batez onartu zuten, Hernani TTIParen kontrako udalerri izendatzea.
Bigarren, Saharar Errepu­blika Arabiar Demokrati­koa­ren aldekoa onartu zuten, aho batez hori ere. Larunbatean be­teko dira 40 urte, SEADa alda­rrikatu zutela. Mozioari, hainbat puntu gehitu zizkion Orain Hernanik: «eskatzen du­gu, Sahara banatzen duen harresia eraistea, larunbatean Mendebaldeko Sahararen ban­dera zintzilikatzea udale­txeko balkoitik...», azaldu zuen Jaio­ne Aristregi bozeramaileak.
Hernanin Zero Zaborrena ere onartu zuten, erraustegiaren kontrakoa, EH Bildu eta Orain Hernaniren aldeko botoekin, eta EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin. «Ez da beharrezkoa, gastu neurrigabea suposatuko du, eta osasunerako arriskutsua da», gehitu zuen Mattin Aldaiak, EH Bil­du­ko zinegotziak.
Eta azkenik, martxoaren 8aren ingurukoa aurkeztu zu­en Koordinadora Feminis­tak: Hau ez da gure bakea. Aho ba­tez onartu zuen plenoak.

«Harritu nau prentsaurrean egin zenuten agerraldiak»
Galdera eta erreguen puntuan, Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen, «harritu» egin zela, oposizioko hiru alderdiek pren­tsaurrean egin zuten agerraldiarekin: «harritu nau zuek esatea, prentsa bidez jakin zenutela Bruselasen nengoela. Europar Parlamentuan, ezkerreko taldeen kongresu bat izan zen; EH Bildu zegoen parte hartzaileen artean, eta talde horren partaide bezala joan nintzen. Gastu guztiak, gainera, parlamentuak ordain­du zituen», argitu zuen.
Andoni Amonarraiz EAJren bozeramaileak erantzun zion, galdetu beharko lukeena dela, «zergatik elkartzen den oposizioa ohar bat ateratzeko. Ez da izan kasu konkretu bategatik, baizik eta oposizioaren sen­tsazioa orokorra da. Bestalde, jakinda talde guztiok genuela interesa Uholdeen Batzordea sortzeko, horren berri ematea eskertuko genuen».
Esti Aldeiturriagak azaldu zuen, kirol taldeek eskatu zu­te­la bilera hori, eta bertan ados­tu zela batzordea sortzea: «baina beste ezohiko batzorde bat deituko da, Udal talde guztiekin, Uholdeen Batzor­de­aren sorrera formalizatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!