Bingoa gustatu bai, baina aberatsa izateko intentziorik ez duen emakume bati buruz da zure filma. Zer irudikatu nahi zenuen?
Komedia beltza da, hotel glamuroso bateko trastienda edo atzeko alde horietan gertatzen diren gauza surrealistak adierazi nahi nituen. Kasu honetan harrerako emakumeak bingo partida klandestinoak antolatzen ditu hoteleko langileekin. Baina bere helburua haratagoa doa eta horrek belzten du komedia hau.
Okurritu zitzaidan askotan tokatu izan zaizkigulako egoera bitxiak hostaletan: harrerako emakumeak loro bat izan eta gau osoan esna egongo dela esatea, hotel baten azpian langileak batzen ziren diskoteka zahar bat, logelako atea jotzen dizun atsoa esnatzeko... Horrelakoetan beti esan ohi dugu: Hemen korto bat dago. Nork ez du horrelako egoerarik izan bidaiatzen duenean?
«Polita da hemen laburrei garrantzia ematea eta kultura hori sustatzea, istorio txikiek ere badutelako xarma eta mezua»
Sinopsia irakurrita, bukaerak moraleja batetara eramango gaituela ematen du. Hala da?
Moraleja baino, twist bat izan daiteke. Ikusleak espero ez duen zerbait pasatzea, istorioak buelta bat eman eta klik bat sortzea. Bukaeran ulertzen da, zein den bingo partidaren helburua.
Labur bat egitea erraza dela pentsatu dezake jendeak. Zer-nolako lana suposatu izan dizu zuri?
Bai, hori da jende askok duen aurreiritzia. Istorio motza denez jendeak sarritan lagunartean egindako bideotxo bat dela. Baina atzean dagoen lana sekulakoa da: gidoia idatzi, ekoizle bat bilatu, aurrekontu bat sortu, ekipoa sortu, dena koordinatu, entseguak, azpiegitura eta baimen guztiak lortu... Eta rodaje egunean zezena adarretatik hartu! Gure kasuan 19 orduko rodajea Hotel Londresean. Intentsua, polita eta gogorra. Ondoren postprodukzioa eta etalonajea. Orduan jaiotzen da haurtxoa.
Telebista eta zine ekoizpen lanetan ere aritu zara. Zer nahiago duzu zinea ala telebista? Zergatik?
Desberdintasun nagusia erritmoa da. Telebistan, eta batez ere iragarkietan, oso erritmo estresantea izaten da. Publizitatean ez dago poesiarik. Jo ta su grabatu plano guztiak jarduna amaitu arte. Telebista sprinta da eta zinema, aldiz, lasterketa luzea. Zineman sekuentzia bakoitzari bere denbora dedikatzen zaio harik eta ondo geratu arte. Gainera, kronologia aldetik ez denez era linealean grabatzen, garrantzitsua da departamentu guztiak adi egotea.
Biek dute xarma, telebistaren adrenalinak engantxatu egiten du, eta baita zinemaren magiak eta ekipoaren beroak.
Zu bezalako zuzendari gazte eta euskaldun batentzat, zer suposatzen du Laburbiran parte hartzeak?
Ba eskerrak eman nahi dizkiegu sekulako aukera baita. Istorio txikiei plaza topatzearren, gazte sortzaileon ahotsa Euskal Herrian barrena eta Parisen pantailaratzearren. Horrez gain, polita da hemen film laburrei garrantzia ematea eta kultura hori sustatzea, istorio txikiek ere badutelako xarma eta mezua. Garrantzitsua da film laburren unibertsoa sustatzea eta egonkortzea.
Epe motzera proiekturik ba al duzu eskuartean?
Ba pare bat proiektu ditut eskuartean, musika talde baten bideoklipa eta ikus-entzunezko beste lan bat. Oraindik ezin dut gehiago aurreratu.
Eta etorkizunerako ametsik?
Ederra litzateke film luze bat egitea, ekoizle edota zuzendari moduan. Baina hankak lurrean izaten saiatzen naiz eta filma burutzeko azpiegitura eta egonkortasun ekonomiko bat beharko genuke. Hau da ganorazko produktu txukun bat egitea. Izan ere, euskal zinema loratzen hasi da eta maila mantentzea ere bada gure ardura. Ametsak amets.