Hainbat ohar bidali dizkio Hernaniko Udalak Kronikari, hiru konturen berri emateko: batetik, Tilosetan 9 zuhaitz gaixo moztu eta 12 gazte jarriko dituela; bestetik, LED argiak jarri berri dituztela Gabriel Zelaia argiztatzeko; eta azkenik, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota duela Carlos Urquijoren errekurtsoa, eta berretsi egin duela legezkoa dela Udalak Udalbiltzari ordaintzen dion kuota.
Kimaketak bukatzean, Tilosetako zuhaitzak berritu
Zuhaitzen kimaketa lanekin hasi dira Tilosetan, hiru urtero bezala. Horiek bukatzean, gaixo dauden 9 zuhaitz moztuko dituzte, eta 12 ezki gazte jarri horien ordez: orain moztuko direnak, eta iaz kendu ziren hirurak.
65 zuhaitzen osasun egoera aztertu dute adituek, eta esku hartze plan bat proposatu dute.
Tilosetako zuhaitzen inguruan, azterketa bat eskatu zuen Udalak, iaz usteldutako zuhaitz bat erori zenean, berriro ezbeharrik ez gertatzeko. Guztira, 65 ezki helduren osasun egoera aztertu zuten adituek, eta txostenean, esku hartze plan bat proposatu dute, herritarren segurtasuna bermatzeko, baina kontutan hartuta «Ezkiaga pasealekuko ezkiek herriari eragiten dioten ekarpen historiko eta sentimentala, eta Hernaniko paisaia kulturalean duen balioa», azaldu du Udalak.
Proposamena da, iaztik hutsik geratu ziren aleetan berriak landatzea, gaixo daudenak ordezkatzea, zuhaitz helduei urteroko jarraipena egitea, eta kiosko ondoko alea ez ordezkatzea.
LED argiak, Gabriel Zelaian
Gabriel Zelaian ere egin ditu lanak Udalak, futbito kantxan eta garapen agentziaren aurreko zonaldean. LED teknologiako bi proiektore jarri dituzte, gune horiek argiztatzeko, eta kantxara doan pasabidea ere argiztatu du. Argiteria publikoarekin batera piztuko dira horiek ere, eta 22:30etan itzali, gau osoan piztuta ez egoteko.
Datozen asteotan, berriz, zonalde bereko beste futbito kantxa batean, argi horiak txuriengatik ordezkatuko ditu, LED teknologiakoak, «egokiagoak direlako kirolgune baterako», teknikarien iritziz. Udalak azaldu duenez, gainera, kontsumoa baxuagoa da argi horiekin.
Udalbiltzari ordaintzen dion kuota, legezkoa
Hernaniko Udalak jakinarazi du, bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela legezkoa dela Udalbiltzari ordaintzen dion kuota. Izan ere, Carlos Urquijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, errekurtsoa jarri zuen Udalaren kontra, Estatuaren Abokatuaren bitartez, esanez legez kanpokoa zela 15.000 euroko kuota hori. Auzitegiak, baina, atzera bota du errekurtsoa, «oinarririk ez duelako».