Bere bikotea erasotzea leporatuta, gizon bat atxilotu zuten igandean Hernanin, eguerdiko 12:00ak aldera. Ustezko genero indarkeriagatik, atxilotuta eraman zuen Ertzaintzak gizona, eta anbulategira emakumea, nahiz eta lesioak ez ziren larriak, azaldu dutenez.
Erasoa kondenatu du PSE-EEk
Prentsa ohar baten bitartez, erasoa kondenatu du Hernaniko PSE-EEk, eta bere «atsekabea eta haserrea» adierazi ditu. Gainera, dei egin du alderdi politiko guztien arteko paktu sozial, politiko eta instituzional bat bultzatzeko, emakumeenganako indarkeriaren kontra.
Sozialistek bere elkartasuna adierazi diote ustez erasotua izan den emakumeari, «azkar errekuperatzea» opaz, eta Udalari eskatu diote familia horren zerbitzura jar dadila, autoestimua berreskuratu eta bizitza berregiteko.
«Guztion obligazioa da»
Modu berean, adierazi du «guztion obligazioa» dela indarkeriaren kontra egitea, baina azaldu du Udalek ardura berezia daukatela genero indarkeriarekin kontrako ekintzak burutzeko. Dei egin die hernaniarrei ere, erasoen kontra errebelatzeko, eta bere kolaborazioa eskatu du, «erabateko desberdintasunaren» adierazpen horrekin bukatzeko.
Azkenik, gogoratu du 016 telefono zenbakia doakoa dela genero indarkeria salatzeko; guztiz konfidentziala eta fakturan ageri ez dena.