Errauskailuek osasunean eragiten dituzten ondorioak bildu dituen txostena egin dute Gipuzkoako 25 mediku inguruk osatzen duen taldeak, eta horietako bik, Koro Zabaleta hernaniarrak eta Jose Luis Paulinek, hitzaldia emango dute gaur, 19:00etan Biterin.
Koro Zabaletarekin batean, talde horretako kide da, baita ere, Ina Idarreta hernaniarra.
Errauste Plantek osasunean eragiten dituzten ondorioak aztertuta, zein da ondorioa?
2004an Txingudiko erraustegia egiteko asmoa zegoenean sortu zen Gipuzkoako mediku talde hau, eta Zubietako erraustegia egiteko asmoa berpiztu denean, berpiztu da berriro taldea. Ordutik argitaratu den bibliografia eguneratu dugu. Publikazio asko izan dira, eta sailkapena egin dugu. Ikerketa zailak dira. Horregatik, metodologikoki ondo eginak daudenetan oinarritu gara, eta bai, errauskailuak kaltegarriak dira osasunarentzako, gai toxikoak isurtzen baitituzte.
Zein dira kalte nagusiak?
Azpimarragarrienak dira, minbizia kasuen eta minbizia dutenen hilkortasun tasaren igoera. Bestalde, jaioberrietan malformazioak ere eragiten ditu giltzurrunetan, edo erbi-ezpain kasuak areagotzen ditu.
«Metodologikoki ondo eginak dauden ikerketetan oinarritu gara, eta bai, errauskailuak kaltegarriak dira osasunarentzako»
Errauskailuek isurtzen dituzten gai toxikoak tratatzeak konponduko luke arazoa?
Egungo errauskailuek filtro hobeak dauzkate. Partikula txikiagoak isurtzen dituzte. Baina horrek ez du esan nahi ez direla kaltegarriak. Ez dago daturik. Ikerketa behar da. Eta ikerketa horiek egiteko, gutxienez, 10 urteko esposizioa behar da, OMSek esanda (Osasunaren Munduko Erakundea), ondorioak antzeman eta demostratzeko. Begira zer gertatu den amiantoa edo tabakoarekin. Zuhurrak izan behar dugu. Ziur ezin dugu esan, kausa-efektua zein den, baina susmo txarrak badauzkagu, dagoeneko.
Zenbateko distantziako eremuan eragin dezake errauskailuak?
Ikerketa gehienak 5-10km arteko distantzietan egin dira. Baina oso gutxi dago ikertua, lurra edo ura kutsatzen duten partikulen inguruan. Gainera, badakigu pilatu egiten direla. Eta ez dago ikerketarik. Nahiz eta urruti jarri, agian, filtratu egin daitezke. Ezjakintasunaren aurrean, gure eskaria da gelditzeko; gero damua, zertarako? Europan 2020rako errauskailu kopurua gutxitu egin nahi da, eta gu, berri bat egitera goaz...
Gertuko errauskailuek eragin dituzten kalteen berri badaukagu?
Estatu mailako ikerketa badago, minbizi kasuen hilkortasun maila areagotu dela azaltzen duena: Bizkaian, Tarragonan edota Madrilen kontzentrazioa dago. Bizkaian, Zabalgarbi ireki eta hiru urtera egin zen ikerketa, baina goizegi zen ondorioak ikusteko. Ezin esan, argi eta garbi, baina ikerketa guztiak bide berera jotzen dute.
Birziklatze plantek ere kalteak eragiten dituztela usteko duenik izango da...
Gu ez gaude sistema baten edo bestearen alde. Ez daukagu horretan sartzeko asmorik. Talde bezala, nahi duguna da hau guztia mahai gainean jarri; datu objektiboak eman, erabakiak hartu behar dituztenek kontuan hartzeko.
HERNANIN ZERO ZABOR
Hurrengo hitzorduak:
- Bihar, asteartean, 19:00etan udaletxeko Plenoan, Zubietako errauskailuaren kontrako mozioa aurkeztuko du Hernanin Zero Zabor taldeak. Atxikimenduak biltzen ari dira hernaninzerozabor@gmail.com helbidean.
Dagoeneko sinatu dute: Hernanin Zero Zabor, San Joan Konpartsa, Pala taldea, Sutu Jaiak, Bilgune Feminista, Kooperazio taldea, Hernaniko Bertso Eskola, Ereñotzuko Auzo Elkartea, Ereñotzuko Auzo Udala, Osiñagako Auzo Elkartea, Liletak taldea, Natza kultur elkartea, LAB sindikatua, Ernai eta CCOO Euskadik.
- Igandean, 08:30etan Plazatik abiatuta, Zubietara martxa.