«Emakumeek lan eremu jakinetan izan duten eragina bildu nahi izan dugu»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mar. 2a, 01:00

'Ilunpetik argitara' lana aur­keztuko duzue gaur. Zer jasotzen du liburuak?
Ilunpetik argitara. Emakume langileak iruditan. Hernani 1936-1975 izenburua du gaur aurkeztuko dugun liburuak. Frankismo garaian Hernaniko emakumeek egin dituzten lanen lagin bat bildu dugu. Ikerketa antropologiko baten emaitza da. Horretarako, lan bibliografiko bat egin dugu, Hernaniko emakumeen lan eremuko argazkiak bildu ditu­gu eta  Hernaniko emakumeei hainbat elkarrizketa egin diz­kie­gu. Osagai horiekin azter­keta lan bat egin dugu eta iker­keta lan horren forma di­bul­gatiboa da osatu dugun libu­rua. 
Bertan, emakumeek lan eremu jakinetan (industria, baserria, etxea, ostalaritza eta merkataritza) izan duten era­gina bildu nahi izan dugu, argaz­kiak oinarri hartuz. 

Zergatik izenburu hori?
Izenburuak emakumeen ikus­ga­be­tasunari egiten dio erre­ferentzia. Emakumeek izuga­rrizko lana egin dute; baina lan hauek gutxietsita eta ilun­pean egon dira, ikusezinak. Lan xume honekin argitara, plazara, publikora eraman nahi izan dugu. Horixe da, Hernaniko Udalak eta Berdin­tasun Kontseiluak Ikerketa Bekarekin lortu nahi izan duena; isilarazia eta ezkuta­tua izan den historia aitortu eta ezagutzera ematea. Ikus­pe­gi feminista izan dugu oina­rri, eta horregatik lan produk­tibo eta erreproduktiboak har­tu dira aintzat, lana ikuspegi zabal batez jorratu dugularik. 

Zein argazki bildu dituzue bertan?
1939-75 bitarteko argazkiak bildu ditugu, lan esparru ez­ber­dinetan sailkatuak (indus­tria, baserria, etxea, merkata­ritza eta ostalaritza. Ez da batere lan erraza izan, ikergai izan dugun garaian argazkiak ateratzea ez baitzen batere ohikoa. Garai hartan argazki kamerak urriak ziren, eta argazkiak ospakizun berezie­tan ateratzen ziren. Beraz, zailtasunak izan ditugu lana­ri lotutako argazkiak aurkitzeko. Zer esanik ez, argazki horietan emakumeak egoteko!

Nola osatu duzue liburua? Nolakoa izan da argazkiak lortzeko prozesua?
Ikerketan irudiak hartu ditugu oinarri eta, nolabait, argazki horiek jantzi ditugu, langile emakumeei egindako elka­rriz­­keta eta landutako biblio­grafiari esker. 
Argazkiak lortzeko proze­sua uste baino zailagoa izan da aipatu moduan, argazki gutxi egon daitezkeen erakus­garri. Hernaniko Udal Artxiboa eta Kutxa Fototekako fondoak arakatu ditugu, baina batik bat, Hernaniko herritarren bidez lortu ditugu (deialdi zabal bat ere egin genuen). Elkarrizketatu ditugun ema­ku­meen argazki bildumetatik lortu dira batez ere argazkiok. Prozesu oso intimoa eta abe­ras­­garria izan da, garai hura bizi ez genuenontzat, sekulako irakaspena. Liburuarekin, guk bizi izan duguna partekatu nahiko genuke, oroimen his­to­rikoa berreskuratu eta herri­tarrei zabalduz. 

Hernaniko emakume lan­gileen papera jaso duzue. Zein izan da paper hori?
Garai latz horretan (gerra on­do­rena eta diktadura garaia) emakumeek egindako sekula­ko lana biltzen saiatu gara. «Nik ez dut lanik egin eta…» erantzunarekin topatu gara hainbat alditan, baina sakon­du dugunean, izugarrizko la­­na egin dutela jabetu gara. Lan hori ez dago baloratua (neurri batean beraiek ere ez) baina ia aisialdirik gabe bizi izan dira, lan eta lan. Ikerketa xume honekin, hori argitara eramaten saiatu gara. 

Nola lagundu dizue Berdin­­ta­sun Sailaren Ikerketa liburua egiteko?
Gizarte Antropologiako lizen­tzia­tura elkarrekin egin genu­en biok, eta hori bukatzean iker­keta beka atera zuen Herna­niko Udalak. Bekak bultzatu gintuen ikerketa egi­tera, hori izan zen akuilua. Biok lanean genbiltzanez, gure den­bora librean egin dugu iker­keta eta horrek prozesua uste baino gehiago luzatu du. 
Behin ikerketa lana entre­gatu genuenean, Hernaniko Berdintasun Kontseiluak hori argitaratzeko modukoa zela erabaki zuen eta Jone Miren Hernández EHUko irakasle eta antropologoak lagundu digu laburtzen. 
Bide batez, lan honetan lagundu diguten lagun guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu eta batez ere, beren bizitzetako ateak zabaldu dizkiguten ema­­­­­kume adoretsu, nekaezin eta ikusezin guztiei. Biba zuek! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!