Landare eta Zubipeko zelaietan uholdeek aldiro eragiten dituzten kalteen inguruan hitz egin eta konponbideak bilatzeko, hainbat bilera egin dituzte bi elkarteetako kideek.
Era berean, orain gutxi Uholde Batzordea osatu zuten Udalarekin, gaia aztertzeko, eta «laguntza tekniko eta ekonomikoak bilatzeko».
Bilera horren harira, ordea, oposizioak prentsaurrekoa eman zuen, Batzorde horretan egotea eskatzeko, eta Errugbi eta Futbol elkarteek prentsa oharra bidali dute, «gaizki ulertuak argitzeko».
Lanean, elkarrekin
Bi klubek argitu dute «urtarrilaren 8an Luis Intxauspe alkatearekin biltzeko eskaera» egin zutela, eta «otsailaren 3an Estibalitz Aldeiturriaga kiroletako zinegotziarekin, eta bi udal teknikarirekin bildu» zirela, futbol eta errugbi elkarteetako zuzendaritzetako bi eta hiru kide, hurrenez hurren.
«Kirol zinegotziaren erantzuna oso positiboa izan zen, eta azaldu zigun gainontzeko alderdi politikoek ere parte hartu beharko luketela. Horregatik, Uholde Batzordea sortzea adostu genuen».
Horrela, bi klubek azaldu dute: «Elkarrekin lan egitea ezinbestekoa da. Ez dadila giroa gaiztotu, denok elkarrekin lanean hasi baino lehen». Era berean, eskerrak eman nahi izan dituzte, «alderdi guztiek lanerako erakutsi duten prestutasunagatik», eta «ongietorria» ematen diete «lanerako prest dauden pertsona eta talde guztiei».