Lokal berria martxan, atzotik

Kronika - Erredakzioa 2016ko ots. 13a, 01:00

Atzo arratsaldean inauguratu zen, Goizuetako Santa Maria kalean, eskolaren parean, Gizarte Zerbitzuetako lokal berria. Goizueta eta Aranori emanen die zerbitzua aurrerantzean, orain arte bezala.
Unai Loiarte Goizuetako alkateak azaldutakoaren arabera, «lokala aldatu da herritar guztiei irisgarritasuna bermatzeko, eta zerbitzuak baldintza onetan emateko». Hain zuzen, atzoko inauguraziora gerturatu ziren herritarrak.

Mankomunitateko parte
Goizuetako lokala Gizarte Zer­bi­tzuen Mankomunitatearen barruan dago; Goizueta, Ara­no, Leitza eta Areso hartzen ditu Mankomunitateak. 1990etik dago martxan, eta herritarrei zerbitzua ematen diete bulegoetan, 948 51 08 40 telefonoan edo Facebooken: Laga Gizarte Zerbitzua.

Lau programa nagusi dauzkate martxan, eta baita emakumeen eta gizonen berdintasun programa ere.

Lau programa nagusi
Gizarte Zerbitzuek lau programa nagusi dauzkate martxan: Harrera eta gizarte-orientazioa; Autonomia pertsonala; Haur, gazte eta familientzako arreta; eta Gizartean integra­tzen laguntzeko programa. Horien baitan, hainbat zerbi­tzu ematen dituzte: balorazio soziala eta diagnostikoa egitea eta zerbitzu espezializatuetara bideratzeko laguntza; mendekotasuna duten pertsonen au­to­nomia sustatzeko laguntza edo etxez etxeko laguntza zerbitzua; ortopedia zerbitzua mai­leguan; drogomenpekotasun prebentzioa; jangela be­kak; langileen kontratazioa; etorkinen integraziorako protokoloa eta erregularizaziorako laguntza; edota emakume eta gizonen berdintasun programa, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!