Urtean bi batzar deitzen ditu Ereñotzuko Auzo Udalak, honen asmoen berri bizilagunei emateko. Urteko aurrenekoa urtarrilaren 23an egin zuten, eta bertan azaldu zituzten zein izan ziren 2015ean egindako proiektuak, eta zein diren 2016rako asmoak. Era berean, bizilagunen eskariak ere jaso zituzten.
2015ean egindako inbertsioetan nabarmentzekoa izan da ur zikinak bildu eta kolektorera bideratzeko egindako azpiegitura eta urbanizazio obra.
Aurtengorako, berriz, inbertsio eta mantentze lan nagusiak izango dira herri bideak txukuntzea, Ugaldetxoko frontoia berritzea edota Txirrita eskoalan hobekuntzak egitea.
Ur zikinak bildu, eta urbanizazio lanak, 2015ean
Pasa den urtean bukatu da azken bi urteetan zehar egin den obra, ur zikinak bildu eta kolektorera bidaratzeko. Guztira, 375.065,83 euroko inbertsioa egin da, 2014 eta 2015eko aurrekontuetatik finantzatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.
Lan horiek aprobetxatuta, beste hainbat ere egin dira: Ur Mia elkarte aurreko aldapa zabaldu eta Ereñotzu parean errepidean konkorrak eta zebrabideak jarri. Bestelako lan batzuk ere egin dira: Epeleko parkean toldoa eta argia jarri, herri bideetan zenbait konponketa txiki egin, eta eskolako jangela insonorizatu eta garbitzaileen gela txukundu.
2016an, 93.000 eurotik gora inbertsioetara
Auzo Udalak 367.933,00 euroko aurrekontua dauka 2016rako. Horietatik, 90.000 eurotik gora bideratuko ditu inbertsioetara. Hala ere, «ez ohiko beste zenbait diru sarrera gehitu dakizkioke, oraindik zehaztuta ez daudenak: Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza edota 2015eko aurrekontuko gerakina».
Bizilagunen hainbat eskaera kontuan hartuta, Auzo Udalak zenbait herri bideren egoera aztertu eta txukuntzea aurreikusten du, «Eusko Jaurlaritzari eskatutako dirulaguntza bat iritsiko balitz». Era berean, «Auzo Udalak Hernaniko Udalarekin koordinatuta 2-3 urterako plangintza bat egin nahi du, eta horren barruan, 2016an zenbait aktuazio egitea aurreikusten du».
Baina horrez gain, badira dagoeneko zenbait proiektu zehaztuta, urte honetarako, taulan zehaztuta agertzen direnak.
Hobekuntzak eta proiektuak, beste zenbait arlotan
Inbertsioez gain, «auzoaren biziberritzean ekarpen haundia egiten ari den beste alorra Gizarte Zerbitzuena da». Zentzu horretan, asteartero Gizarte Laguntzailearen asistentzia jaso dezakete ereñotzuarrek; gripearen aurkako txertoa jartzeko aukera ere badute; eta odola ematekoa ere bai. Gainera, bihotz-birika larrialdiei erantzuteko ikastaroak egin dira eta aurten desfibriladoreak jarri nahi dira Epelen, Ere-ñotzun eta Ugaldetxon.
Bestalde, harremanak sendotu, ondarea berreskuratu edota kultura sustatzeko bestelako proiektuak ere martxan daude: 65 urtetik gorako auzotarrentzako ‘Berriketan’ proiektua, horiek eskolako ikasleekin elkartzea, Atsolorra, ‘Bizimodua auzolanean’ proiektua, Olak Auzo elkartearekin elkarlana, jaiak, ospakizunak...
INBERTSIO ETA MANTENTZE LAN NAGUSIAK
n Ugaldetxoko frontoia txukuntzeko lanak: atzeko pareta eta eskubiko koska txukundu, eta pintatu.
n Ereñotzu 21 etxeko garaje-lokal bat erosi.
n Futbol zelaiaren inguruko kanaleko zubi berria egin.
n Ludotekarako altzari berriak erosi.
n Plaza inguruko barandillak berritu.
n Epelen eta Fagollagan markesinak jarri.
n Irrintzi tabernan zenbait hobekuntza.
n Txirrita eskolako hobekuntzak: berokuntza efizienterako ekipamendua eta gela bat gehiago ateratzeko lanak.
n Herri bideak txukundu: Larre Gain, Usoko erreka, Aparrain eta Goiko Lastolara bideak, hasteko*.
*Ez ohiko diru sarrera gehikuntza gauzatu ahala.