Baimena lortuta, txostena onartzean egingo dute kontsultaren deialdia

Kronika - Erredakzioa 2016ko ots. 13a, 01:00

Aurrera dijoa hondakinen kontsulta egiteko prozesua eta, atzo Espainiako Ministro Kontseiluak baimena onartuta, azken pausoa bakarrik fal­ta da kontsultaren deialdia egiteko: Plenoak galdeketaren txostena onartzea. Aste­azkenean egin zuten hirugarren parte har­tze mahaia, eta bertan eman zuten galdeketa prozesuaren txostenaren be­rri. Ikusgai dago Uda­laren web orrialdean ere: www.astigarraga.eus.
Horrela, 16 urtetik gorako astigartarrek izango dute aukera bozka emateko, eta udaletxean egingo da kon­tsul­ta: pleno aretoan edo ar­ku­peetan, eguraldiaren arabera. Sei mahai osatuko di­tuzte, ordena alfabetikoari jarraituz.
Galdera bakarra izango du, zein hondakin bilketa sistema nahi duten herritarrek, eta bi erantzun posible: atez atekoa edo kontenedoreena, organikoarentzat eta errefusarentzat ixteko sistema erabiliko dena. Bozka paper bat jarriko da sistemako, bakoi­tza kolore batekoa.

Kontsultaren deialdia egin eta 50 egunera izango da bozketa.

Deialdia, 50 egunerako
Txostena aurkeztuta eta Ministro Kontseiluaren baimenarekin, txostena plenoan onartzea falta da; ziurrenik, otsailaren 27ko ezohiko plenoan izango da hori, jakinarazi zutenez.
Plenoan txostena onartzean, kontsultaren de­i­al­dia egingo dute. Deialdia egin eta 50 egunera izango da kontsulta. Tartean, 19 eguneko epea izango da alegazioak aurkezteko, eta 10 eguneko epe bat ere zabalduko dute, botoa aurrez emateko. Uda­le­txeko idaz­karitzan eskatu eta egin beharko da hori.

Informazioa emateko, diptikoak banatuko dira
Galdeketari buruzko informazio guztia emateko, diptikoak banatuko dituzte etxez etxe. Diptiko horretan zer azalduko den eztabaidatu zuten parte hartze mahaian. Andoni Gartziak, EH Bilduren bozeramaileak, adierazi zuen hori zela «foro egokia, erabakitzeko zein informazio jasoko den diptikoan. Guretzat, datuak jasotzea oso garran­tzitsua da, eta herritarrek jakitea zer izango den Udalak egingo duena, birziklapen tasa jaisten bada sistema aldatuz gero».
«Zuek jarri zenuten atez atekoa galdetu gabe», eran­tzun zion Nerea Zusberrok, EAJren zinegotziak; «guk galdetu eta gero, gaizki atera­tzen bada, ikusiko dugu nola hobetu».
Parte Hartze Batzordean erabakiko dute diptikoan zein informazio jaso, eta ondoren, beste parte hartze mahai bat deituko dute, diptiko hori jendaurrean aurkezteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!