Urumea ibaia inguruko garbiena, iturburutik itsasora

Kronika - Erredakzioa 2016ko ots. 20a, 01:00

Urumea ibaia da, Kantauri itsa­sora isurtzen diren guztien artean, uraren araudia bete­tzen duen bakarra; Uraren Mar­koaren Direktibaren eskakizunak betetzen dituen bakarra, hain zuzen ere.
Hala jakinarazi du egunotan URA agentziak, argitaratu berri duen txostenean. Bertan jaso dituzte, azken bost urteotan, 2010etik 2014ra, Euskal Herriko ur-masa guztiei egindako azterketak: ibaiak, urtegiak, tran­tsizio urak, kostaldeko urak, lakuak eta zonalde umelak.

Urumeako ur-masa guztiak, egoera onean
Urumearen arroa aztertzerakoan, iturburutik itsasora egiten duen bide guztia hartu dute kontuan, Añarbeko urtegia, estuarioa eta itsasertza barne, eta ur-masa guztietan, ona da egoera.
Hain zuzen ere, horretan da bakarra Urumeako arroa, Kan­tauri itsasora ematen duten ibaien artean: ur-masa guztietan, araudiaren eska­kizunak bete­tzen dituen bakarra.

2010etik 2014ra arteko azterketak eman ditu aditzera URA agentziak, txosten horren bitartez.


Txostenak nabarmentzen du, hobekuntza izan duela arro honek, azken urteotan. Izan ere, alterazio haundiak izaten zituen ibaiaren azken zatian, bere estuarioan eta itsasertzan, zonalde horretako populazio haundiagatik, kaleko zein in­dustrietako isurketa larriak gertatzen zirelako.

«Urumea ibaian, orekatua da izaki bizidunen aniztasuna, kopurua...»
Urumea ibaiaren egoera ekologikoa ona izateak, esan nahi du «ibaiak kaltetzen dituzten ekintzek, eragin haundirik ez dutela izan bertan», Alberto Manzanosek Kronikari azaldu dionez; URA agentziako Plan­gin­tza eta Lanen Zuzenda­ri­tzako teknikaria da Manzanos.
«Helburu anbientalak bete­tzen ditu Urumea ibaiak. Be­raz, ibaian egon beharko liratekeen landareak, arrainak, intsektuak... badaude bertan. Bizitza badago Urumea ibaian, eta modu egokian. Orekatua da izaki bizidunen aniztasuna, kopurua...», nabarmendu du.
Ibaiaren hainbat aspektu aztertzen dituzte, eta egokiak izan dira ibaiaren emaitzak.

Urumea ibaiaren egoera ekologikoa ona izateak, esan nahi du «ibaiak kaltetzen dituzten ekintzek, eragin haundirik ez dutela izan bertan»

«Ibaiak kalterik ez izatea da egoera perfektua; helburua, horretatik ahal dugun gertuen egotea»
Ibaien egoeran, gizakiak izaten du eragina, kaltetu egiten ditu ibaiak: «egoera perfektua da, ibaiak kalterik ez izatea; eta helburua, egoera perfektu horretatik ahal dugun gertuen egotea. Urumea ibaian, nahiko ondo dago helburu hori, lortu dugu ondo babestuta egotea ibaiko bizitza», azaldu du Man­zanosek.

Euri kopuruari dagokionean, nabarmentzekoa da Urumea ibaiaren 2012-2013 ekitaldia: batez bestekoa baino %50 haundiagoa izan zen.

«Garai batean ibaiak koloredunak ziren; orain ezin duzu jakin, bista hutsez, ibai bat nola dagoen»
Urumearen egoera ona, baina, ez da bistara nabarmentzeko moduko zerbait: «garai batean, ibaiak koloredunak ziren, bai­na hori aldatu egin da, zorionez. Orain, ezin duzu jakin, bis­ta hutsez, ibai bat nola da­go­en», dio Manzanosek.
«Akaso arrantzale batek ikusiko du arrain gehiago daudela, beste norbaitek landare gehiago bereiziko ditu... Baina ibaian bertan egon behar zara derrigor. Ingurutik paseo bat emanda, adibidez, ezinezkoa da horrelako gauzak bereiztea, ibai batean», adierazi du URA­ko teknikariak.

«Denona da ibaia, eta denon ardura da zaintzea ere. Guztiok izan gaitezke partaide, hobekuntza lortzeko»

Zonaldea, euritsuenetakoa
Euri kopuruari ere egiten dio erreferentzia URA agentziaren txostenak, eta alderdi horretan, nagusienetarikoa da Uru­mea­ren arroa. Euskal Herriaren eki­al­dean, Urumea bera eta Oiar­tzun ibaiaren arroa dira nabarmentzekoak; bietan, ur­te­an 2.500 mm baino gehia­go izaten dira, batez beste.
Aztertutako bost urte horietan, Urumearen batez besteko historikoarekin alderatuz, gainetik daude 2012-2013 ekitaldian, eta 2013-2014 ekitaldian izandako euri kopuruak (urri­aren 1ean hasten dira urte hidrologikoak); mediaren azpitik, berriz, 2009-2010, 2010-2011 eta 2011-2012 ekitaldiak.
Bereziki nabarmentzekoa da 2012-2013 ekitaldia: batez bestekoa baino %50 haundiagoa izan zen urte horretako ur aportazioa, Urumea arroan.

«Lehen, zabortegitzat hartzen ziren ibaiak eta itsasoak. Baina jendearen sentimenduak aldatu egin dira horiekiko, eta orain, gustatzen zaigu naturaz disfrutatzea, paseoak ematea inguru horietan...»

«Oso emaritsua da Urumea ibaia, hori da bere egoera normala»
Manzanosek azaldu duenez, «berez da oso emaritsua Uru­mea ibaia, hori da bere egoera normala». Eta ibaiaren ezaugarriak ere zehaztu ditu: «arroaren goikaldean presio gutxi dauka ibaiak, eta beherantza egin bezala hartzen du presio haundiagoa. Beraz, itsasotik gertuen dauka arrisku gehien. Baina ondo dago».
Hala ere, zonaldea euritsua  eta ibaia emaritsua izateak, ez du eragiten ibaiaren kalitatea neurtzeko garaian: «berezko ezaugarria du hori, eta horretatik abiatzen gara azterketak egiterako orduan; hori hartzen dugu oinarri, konparaketak egin behar ditugunean», azaldu du Manzanosek.
Euriteei dagokienean, uholde arriskua ere aipatu du teknikariak: «ibaien izaera da gainezka egitea, bere bizitzaren parte da. Eta beraz, beti egongo dira uholdeak. Horrelakoetan, gure helburua beti da kalteak txikitzea, eta bide horretan egingo dugu lan».

«Arroaren goikaldean, presio gutxi dauka Urumea ibaiak, eta beherantza egitean, presio haundiagoa hartzen du. Beraz, itsasotik gertuen dauka arrisku gehien. Baina ondo dago»

«Denona da ibaia, eta denon ardura da zaintzea ere»
Ibaia egoera onean mantentzeko, gizarte guztiaren inplikazioa eta kontzientziazioa beharrezkoa dela nabarmendu du Manzanosek: «denona da iba­ia, eta denon ardura da hori zain­tzea ere. Guztiok izan gaitezke partaide, hobekuntza lortzeko garaian».
Urteekin, jendearen ikuspegian aldaketa nabarmena izan dela ere azpimarratu du URAko teknikariak: «lehen, zabortegitzat hartzen ziren itsasoak eta ibaiak. Baina orain, jendearen sentimenduak aldatu egin dira horiekiko. Gustatzen zaigu naturaz disfrutatzea, paseoak ematea inguru horietan...».

Ur-masak aztertzeko orduan, zortzi zonalde bereiztuta
Azterketa egiteko, Euskal He­rri­ko ur-masak edo unitate hi­drologikoak zortzi zonalde desberdinetan banatu ditu URA agentziak. Horrela, Oiartzun eta Bidasoako arroekin batera aztertu du Urumeakoa, eta taldea bera hartuta, Penintsula Iberiko osoan euritsuena da zonalde hau.
Gainera, txostenak nabarmentzen du populazio dentsitate oso haundia dagoela ibai horien bazterretan ezarrita, eta baita estuarioetan eta itsasertzetan ere; kilometro karratuko, 1.000 biztanle ingurukoak. Jende gutxi bizi da, ordea, Urumea eta Oiartzun ibaien arroen goiko zonaldeetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!