Motorrak berotzen hasi dira Hernaniko Gazteak, bi urteren ondoren, bueltan baitatozte Gazte Olinpiadak.
Halaxe azaldu dute, hainbat bideoren bitartez egin dituzten komunikatuetan: «Garai aspergarri eta geldo batean murgildurik gaude Hernaniko gazteok. Hilabeteetan mugimendua eta alaitasuna lau haizetara zabaldu ondoren, desagerrarazi egin baitzituzten herriko bi monigoteak. Pasibotasunaren Inperio Gaiztoak gatibu dauzka ordutik, eta matxinoek misio bat prestatu dute bi heroiak askatu eta Inperio Gaiztoa garaitzeko».
«Jokoa ez da amaitu; aurreneko asanblada, osteguna 25, 19:30etan Gaztetxean»
Azkenean, bi monigoteak askatzea lortu dute matxinoek, eta dagoeneko hasiak dira Hernaniko gazteak esnarazten, «Pasibotasunaren Inperio Gaiztoak sortutako garai aspergarri eta geldoari aurre egiteko».
Horretarako, aurreneko bilera deitu dute, hilaren 25ean, 19:30etan Gaztetxean. Orduan irekiko dute taldeentzako izenematea, eta beharrezkoa izango da parte hartu nahi duten talde guztiek ordezkariren bat bilerara bidaltzea.
Izenemateak, martxoaren 10era arte
Izenematea ostegunean irekiko da, eta zerrendak martxoaren 10era arte egongo dira zabalik, Aker, Garin eta Goiz Argin; taldeek, izena ematen dutenean, arduradun baten izen-abizenak eta telefonoa apuntatu beharko dituzte.
Beroketa eta sorpresak
Aurtengo Olinpiadak apirilaren 2an hasiko dira, baina aurretik, beroketak egingo dira; martxoaren 11n bertso-afaria, eta 19an, mendi martxa eta bazkaria. Eta aurten, dozenaka sorpresa izango omen dira...
HERNANIKO GAZTE OLINPIADAK 2016
- OTSAILAK 25, talde partehartzaileetako ordezkari guztientzako bilera informatiboa, 19:30etan Gaztetxean.
- MARTXOAK 10, Asanblada orokorra, eta taldeen izenematearen itxiera.
- MARTXOAK 11-12, Olinpiadetarako beroketa: bertso-afaria.
- MARTXOAK 19, Olinpiadetarako beroketa: mendi martxa eta bazkaria.
- MARTXOAK 31, Asanblada orokorra, Olinpiadetako aurreneko egunaren azalpena.
APIRILAK 2-EKAINAK 18
HERNANIKO GAZTE OLINPIADAK
- Ekintzak: apirilaren 2, 7, 16, 21 eta 30ean; maiatzaren 5, 19, 28 eta 29an; eta ekainaren 2, 11 eta 18an.
- Bilerak: apirilaren 14 eta 28an; maiatzaren 12 eta 26an; eta ekainaren 9 eta 16an.